Bilboko Konpartsek Marijaiaren erabilera komertziala antzeman eta salatzen dute

Marijaia guztiona da eta inorena ez. Marijaia festa, alaitasuna eta dibertsioa da. Marijajak ez digu ezer saldu nahi, ezta salerosketa traturik egin ere.

Azken aldian, hiribildu honetako bizilagunok kezkaz ikusi dugu garai batetik hona gure ikono ezagunenaren irudia, han eta hemen, interes partikular eta komertzialekin erabiltzen ari dela (eta ez dugu adibide zehatzik ipini nahi, baina ziur denoi adibide sorta bat datorkigula burura).

Agian kasualitatea izango da, baina hori gertatzen ari da justu ikonoaren irudi-eskubideak Bilboko Udalaren esku daudenean, iazko abenduan udalak, 440.000 euro ordainduta, egilearengandik eskuratu baitzuen Marijaiaren jabetza intelektualeko eskubideen lagapena (erreprodukzio, banaketa eta komunikazio eskubideak).

Bilboko Konpartsak federazioak orain arte Marijaiari buruz egiten zen erabilera bera izateko akordio bat proposatu zuen Jaietako Batzorde Mistoan. Orain arte, hala ere, hitz onak besterik ez ditugu jaso udalaren aldetik. Ikusitakoak ikusita, are argiago ikusten dugu Aste Nagusiko ikonoen erabilera arautzeko beharra. Horregatik, Bilboko Konpartsok Marijaiaz modu alaian, jai-giroan eta era altruistan gozatzen jarraitzeko deia egiten dugu, baita ikonoa irabazi asmoz eta diru-gosez erabiltzeari uko egiteko ere.

Horrez gain, dei egin nahi diegu hedabideei zapatuan, 26an, 17:00etan, Bilboko Konpartsok Arriaga Plazan salaketa gisa egingo dugun performancera gerturatu daitezen.

GORA ASTE NAGUSIA, GORA MARIJAIA DENONTZAT!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude