Aburtori erantzuna: era guztietako erasoei aurre egiten jarraituko dugu
Juan Mari Aburto alkateari erantzun diote Bilbo Konpartsek. Alkateak atzo onartu zuen zerbitzutik kanpo mozkortuta zeuden udaltzainek sortutako liskarra, baina agenteen erantzukizuna txosna batean txiza egitera mugatu zuen, konpartsek larriagotzat jotzen duten gertakaria alde batera utzita: udaltzain mozkor horiek konpartsakideei eraso eginez borroka hastea eta Udaltzaingoa “larrialdietako guardia pretoriar gisa” erabiltzea. “Sentitzen dugu, bere erantzunean, alkatea ez delako gai izan kasu honetan biolentoen matonismoari eta korporatibismoari aurre egiteko”, gaineratu dute konpartsek.
Juan Mari Aburtoren adierazpenei emandako erantzuna:
Pozik gaude Aburto alkateak, gogoz kontra bada ere, onartu duelako gure salaketa egiazkoa zela. Baina alderik larriena ukatuz egin du: poliziaren indarkeria.
Ez, Aburto jauna: ez zen gauza bera izango erasotzaileak arkitektuak edo iturginak izan balira, edonork uler dezake hori. Borroka batean, polizia izatea eta lankideak larrialdietako pretoriar guardia gisa erabiltzea konpartsakideak menderatzeko eta ihes egiteko, zerbitzu publiko baten erabilera pribatibo bortitza da. Sentitzen dugu, bere erantzunean, alkatea ez delako gai izan kasu honetan biolentoen matonismoari eta korporatibismoari aurre egiteko.
Aste Nagusia inplikatutako eragile guztiekin elkarlanerako eta adostasunerako gunea da, konpartsok estimatzen eta bilatzen duguna. Gure nahia da, beraz, gatazkak baretzea eta festa bakean izatea.
Horrexegatik, hain zuzen ere, uste dugu jarrera bortitzak soberan daudela ekuazio honetan. Aste Nagusia hasi aurretik argi utzi genuen ez genuela eraso bat bera ere erantzunik gabe utziko, eta horrek barne hartzen ditu funtzionario publikoak, uniformedunak izan ala ez.