Txupinerei dedikatutako abestia aurkeztu dugu
Txupinera guztiak bildu ohi diren egunean, Bilboko Konpartsek Aste Nagusiaren ikono eta konpartsen ordezkari den figurari egindako gorazarre-abestia aurkeztu dute, Xabi Aburruzaga musikariarekin eta abestiaren grabaketan parte hartu duten hainbat artistarekin.
Txupineren eguna izan ohi da Aste Nagusiko osteguna, urtero, aurtengoan eta aurreko edizioetan suziriak jaurtitzeko eginkizuna izan duten Txupinera andana biltzen dira, elkarrekin kalejira egin eta aurreko urtean txupinera izandakoaren konpartsan bazkaltzeko. Lehiaketa gastronomikoan geldialdia egin eta, eguerdian, txupin bana piztuta, bolandera andana ederra botatzen dute batera.
Urteroko hitzordu hau baliatu dute gaur Bilboko Konpartsek Txupineren abestia jendaurrean aurkezteko, abestia konposatu eta grabatu duen Xabi Aburruzaga trikitilariarekin. Xabier Lapitz kazetariak aurkeztutako ekitaldian, abestiaren inguruko jakingarriak eskaini ditu Aburruzagak, eta txupineren eskutik eskertza jaso du, disko gorri sinboliko baten forman.
Alazne Olabarrieta eta Marije Agirregoitia txupinerek hartu dute hitza, kolektiboaren izenean Aburruzagari abestia egiteagatik eskerrak emateko: “Txupinera izatea oso berezia da, ohorea, gure arteko lotura berezi hori betiko izango dugu. Konplizitatea, urduritasuna, suziriak, kolore gorria… gu guztion nortasunaren parte bihurtzera pasatu da eta guretzako abesti batek sentimentu hori kontatzeak eta transmititzen saiatzeak ilusio handia egiten digu”, adierazi du 1983ko txupinera izan zen Olabarrietak.
Jaietako hiru ikonoetako bat da txupinera, Marijaia eta pregoilariarekin batera. Bilboko Konpartsen ordezkaria, baina Marijaiak ez bezala, orain arte ez zeukan abestirik. Inork egitekoan, Xabi Aburruzaga zen musikaririk aproposena horretarako, izan ere, gaurko ekitaldian kontatu duenez, baidra 15 urte dira trikitilariak txupineren urteroko hitzordu berezi honi musika jartzen diola, Erriberako Merkatura eta lehiaketa gastronomikora egiten duten kalejiran.
Hitza hartu du orduan Aburruzagak, grabaketan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko: Aiora Renteria, Itziar Ituño, Maria Rivero, Naroa Gaintza, Ylenia Baglietto, Miren De Miguel, Irati Bilbao eta La Basu abeslari moduan aritzeagatik, baina baita musikariei eta Iñaki Aurrekoetxea letragileari.
Kantu honen sorkuntzan “errudun” handi bat dagoela esan du Aburruzagak: “Enrique Bosque, (jai arloko udal teknikaria) da errudun hori, berak proposatu baitzidan hasieran txupinerei abesti bat egitea” Proiektua urte batzuetan “gorderik” egon ostean Bilboko Konpartsek hartu dute lekukoa eta emaitza gaurkoan aurkeztu den kantua dugu.
Txupinerei ere eman dizkie eskerrak “elkarrekin bizi izan ditugun urte eder guzti hauengatik”. Izan ere, “honen guztiaren parte izateagatik pribilejiatuta” sentitzen dela esan du trikitilariak. Bilboko Udalari eta “falta diren txupinerei ere” eskerrak eman dizkie egileak, “bereziki, eta kantu honen parte handi bat delako, Lurdesi”, gehitu du Aburruzagak. Hain zuen ere, Lurdes Luque Bilboko Konpartsen Federazioko Lehendakaria zena, aurten zendutakoa, gogoan izan du musikariak.
Jarraian, abestia entzun eta suziriak jaurtitzeari ekin diote bertan ziren txupinera guztiek, baina lehenago, omenaldien eta gorazarreen eguna izanik, txupineren sua zaintzen urte luzez ibili den “Pepillo” maisu artilleroari omenaldi xumea egin diote, zapia lepoan jarrita.
Abestia online plataformetan entzun edo gure webgunetik deskargatu daiteke
ABESTIAREN INGURUKO JAKINGARRIAK:
Musika: Xabi Aburruzaga
Letra: Iñaki Aurrekoetxea
Musikariak:
Xabi Aburruzaga: Trikitixa, programazioak
Eriz Pérez: Gitarra akustikoa
Pablo Cano: Steel guitar
Xabier Zeberio: Biolina
Koldo Uriarte: Pianoa eta sintea
Ruben Isasi: Txalaparta, panderoa, perkusioak, whistle eta flauta
Iñigo Olazabal: Txalaparta eta perkusioak
Abeslariak:
Aiora Renteria
Itziar Ituño
Maria Rivero
Naroa Gaintza
Ylenia Baglietto
Miren De Miguel
Irati Bilbao
Rapa: La Basu
Grabazioa eta edizioa Xabi Aburruzaga (Trikileku estudioan)
Edizioa, nahasketa eta mastering-a: Unai Mimenza