Pistoa eta sukalkia, aurtengo Bilboko Konpartsen lehiaketa gastronomikoaren nobedadeen artean
Aurtengo Aste Nagusiko gastronomikoa aurkeztu dute gaur Bilboko Konpartsek. Aurten pistoa izango da plater %100 bejetala, eta sukalkia sartuko da lehiaketan. Jaietako gisatuak eta tabernetako kazolak uztartzea dugu helburu baita, errezetekin lagunduta, sukaldari berriak parte hartzera animatzea ere. Txikientzako Gastrotxiki-ak gildak, 1.000 haur baino gehiagori entsalada egiten, askaria prestatzen eta gilda bat muntatzen irakatsiko die.
Erriberako Merkatuko postu batean egindako agerraldi bitxian, Garazi Askasibar eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsen eledunek aurten federazioak prestatu duen Aste Nagusiko hitzordu gastronomikoen nondik-norakoak eman dituzte, lehiaketarenak zein haren inguruko jarduera gastronomikoenak.
Alde batetik, hilaren 21etik 27ra bitartean egunero Bilboko Areatzan izango den sukaldaritza lehiaketari dagokionez, aurten bi aldaketa daude: Batetik, osteguneko bakailaoa bizkaitar erara kendu eta, haren ordez, SUKALKIA agertu da, Bizkaiko jai askotan hain ezaguna den txahalki gisatu samurra patatekin. Bestetik, plater %100 begetalari dagokionez, lehiaketan janari jasangarri eta osasungarrienerako egun bat izateko konpromisoari eusten diote konpartsek, baina aurten pistoa prestatzea proposatzen dute, saltsa berdean egindako pataten ordez. “Hori bai, lehiaketan aurkezteko, ez ahaztu:arrautzarik gabe izan behar du, Bilbon gauden arren”, gogoratu dute bozeramaleek.
Beraz, egunez egun, horrela geratu da lehiaketa: 21ean, astelehenean, pisto % 100 begetala; 22an asteartean, patata tortilla; 23an, asteazkenean, txipiroiak tintan; 24an, ostegunean, sukalkia; 25ean, ostiralean, bakailaoa pil-pilean; 26an, larunbatean, marmitakoa eta 27an, igandean, buztana. Azken igandean ere, sari orokorrak banatuko dira, lehiaketa guztietan eskuratutako postuak kontuan hartzen dituztenak.
Festetako gisatuak eta tabernetako kazolak uztartzea helburu dute konpartsek lehiaketako plateren aukerarekin. “Azken batean, batetik, kuadrillarekin festetan egiten diren gisatuak eta, bestetik, Euskal Herriko tabernetan hain ohikoak diren plater horiek, bi motatakoak uztartzen dituen lehiaketa egiteko helburura gero eta gehiago hurbiltzen saiatzen ari gara”, azaldu dute.
Eta, lehiaketaz gain, bestelako jarduera gastronomiko batzuk ere topatuko ditugu Areatzan Aste Nagusian. Hauek igandean hasiko dira, hilaren 20an, 0 Km-ko barazkiak eta txahalki hanburgesak izango dituen Eusko Label parrillada batekin. Tailer gastronomikoez gozatu ahal izango dugu ondoren: asteazkenean 23 erlezaintza tailerra; ostegunean 24 kontserba tailerra; ostiralean 25, euskal ardoen dastaketa tailerra; eta larunbatean 26, beste parrillada bat, hau Eusko Labeleko hegaluzearena. Gainera 0 km-ko produktuak erosi ahal izango dira Aste Nagusiko bi igandeotan hilaren 20an eta 27an, bi egunetan gure baserritarren azoka bat izango dugulako: Gure Lurreko Merkatua izenekoa.
Eta jende txikia ere izan dute konpartsek gogoan: Gastrotxiki (txikientzako gastronomia tailerra) egongo da astelehenean, asteazkenean eta ostiralean. Gastrotxikietan 1.000 haur baino gehiagok entsalada bat egiten, askaria prestatzen eta gilda bat muntatzen ikasiko dute.
Konpartsakideek gogoratu dute, era berean, bilbokokonpartsak.eus webgunean errezeta-liburua egongo dela, lehiaketa honetan proposatutako plateren errezetekin, “gai honetan oso jantzita ez daudenei” parte hartzen laguntzeko, “azken finean errezeten helburua jende berria lehiaketan sartzea baita”, azaldu dute.
Lehiaketaren arau nagusiak gogorarazten amaitu dute agerraldia, hala nola, izen-ematea lehiaketaren egunean bertan egiten dela, hamar t’erdietan, kazolen aurkeztea ordu batetik, ordu bat eta erdietara dela, eta sari-banaketa ordu biak eta laurdenetan. Platerak Areatzan bertan prestatu behar direla, gasarekin kozinatu behar dela, bertako lurzorua babestu behar dela zikindu ez dadin eta prestaketa jendeari begira egin behar dela, aldez aurretik ezer eginda ekarri gabe. Gutxienez hiru anoa egon behar dira kazola bakoitzean eta bi kategoria egongo dira: orokorra eta konpartsena.
Aurten sari asko eta bitxiak egongo direla gaineratu dute eledunek: txapelak, garaikur originalak eta babesleen sariak. Kategoria bakoitzeko 5. postura arte banatuko dira sariak.
Babesleei eskerrak emanez amaitu dute aurkezpena: BM, Coca Cola, Eusko Label, MercaBilbao, Bizkaiko Txakolina, Euskal Sagardoa, Erriberako Merkatua, Zazpikaleetako Merkatarien Elkartea eta, laguntzaile gisa, Bilboko Udalaren ekarpena eskertu dute konpartsen ordezkariek.