Elkarlan Uholdearen erakusketa, hitzaldi-sorta eta online denda
Elkarlan Uholdearen 40 urteak gogoratzeko eta omentzeko kanpainari hasiera eman genion 2023ko egutegia aurkeztearekin batera eta segitzen dugu horren inguruko ekintzak antolatzen. Kanpainak bere unerik gorena Aste Nagusian izango du, uholdeen 40. urteurren egunarekin bat eginez antolatuko dugun ekitaldian. Baina aurretik, eta auzoz auzo, hainbat ekitaldi antolatuko ditugu, tokian tokiko konpartsa eta auzo elkarteekin.
Hala, Elkarlan Uholdearen inguruko solasaldia antolatu genuen apirilaren 27an La Bolsa udaltegian, Alazne Olabarrieta, Karmelo Landa, Francis Díez, Javier Rodriguez, Amaia Goikoetxea eta Maria Jesús Lancianorekin. Maiatzaren 18an, Deustuko Bidarten beste bat, Jose Samaniego eta Josu Villaltarekin egin genuen.
Bada, datorren asteazkenean, ekainaren 21ean, Indautxuko Jesuitak ikastegian beste solasaldi bat izango dugu, beste parte-hartzaile batzuekin: Athletic Clubeko orduko jokalari Andoni Goikoetxea, La Otxoa kantaria eta La Chufaren jabea, Felix G. Modroño idazlea, eta Juan Carlos de Rojo, orduan Radio Bilbaoko esataria.
Bertan ikusi ahal izango da, halaber, Bilboko Konpartsok prestatu dugun erakusketa ibiltaria. Hamar panelez osatutako erakusketa hau auzoz auzo ibiliko da, hitzaldiotan eta zenbait auzotako jaietan, eta bertan kontatzen da nola milaka herritarrek hondamendiari aurre egin zioten, elkarturik, 1983ko elkarlan uholdea osatuz.
Bestalde, Elkarlan Uholdearen kamisetak eta oihalezko poltsak online erosi daitezke jada. Hitzaldiotan baita zenbait auzotako jaietan ere, argazki-erakusketa ibiltaria jarriko dugu, kamisetak eta poltsak saltzeko mahaiarekin batera, baina webgune honetan ere aurkituko dituzue Elkarlan Uholdearen diseinuekin egindako kamisetak eta osagarriak.