Euskal Herria Kantuz eguna larunbatean ospatuko da Bilbon
Euskal Herri osotik etorritako milaka kantuzalek Bilbo beteko dute ekainaren 17an, larunbatean, Euskal Herria Kantuz eguna ospatzeko. Ezaugarriak:
- Goizez, Kale Nagusia hartuta, Abando eta Indautxutik abestuko dute, eta bazkalostean, Zazpikaleetan izango da kantujira
- 1978an Bilbon ospatutako Bai Euskarari jaiaren 45 urteurrena omentzeko ekitaldi batekin amaituko da ibilbidea, Plaza Barrian
- Pandemia osteko lehenengo Euskal Herria Kantuz nazionala izango da “eta elkartuko gara berriro” lelopean
- Zenbakitan: Milaka kantuzale, 800 bazkari inguru, hainbat musikari, 7 gune, 25 abestitako kantu-zerrenda…
Euskal Herri osotik etorritako milaka kantuzalek Bilbo beteko dute ekainaren 17an, larunbatarekin, Euskal Herria Kantuz eguna ospatzeko. Urtero, euskal kantu talde herrikoien sarea 2010ean sortu zenetik (Euskal Herria Kantuz), urtero ekimen bateratu bat antolatzen da, kantu taldeen topaketa, EUSKAL HERRIA KANTUZ izenpean. Bilbon, 2014an izan zen, eta 2020an berriro ere egitekoa zen, baina, pandemia dela medio, bertan behera gelditu zen. Aurten “…eta elkartuko gara berriro” leloari heldu diote antolatzaileek Bilbora bueltatzeko.
Goizez, 11:00etan hasita Abando eta Indautxu aldeko hiru gunetan abestuko dute Euskal Herri osotik etorritako kantuzaleek, Kale Nagusia bera lekuko. Bazkaria eta gero, 17:00etan abiatuta, Zazpikaleetan barna, beste lau gune edo geldialdi egongo dira, kantu-zerrenda osoa abesteko. 19:00ak aldera, Plaza Barrian, Bai Euskarari ekimenaren 45. urteurrena dela medio, omenaldi bat egongo da.
Erramun Mendibelanda margolariak egin du kartela, eta, egun horretan, jaialdirako propio sortutako liburua egongo da eskuragarri, abestuko diren abestiekin. Sakelako smartphonetarako Kantari app izeneko aplikazioan dagoeneko eskuragarri daude eguneko kantu-zerrenda eta letrak.
Bilboko Kantuzale Elkartea, Euskal Herria Kantuz (Euskal Herriko kantu taldeen sarea) eta Bilboko Konpartsak federazioak antolatu dute ekimena. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, EITBk, Alde Zaharreko merkatariek eta Laboral Kutxak babestu dute. Antolatzaileek, Euskal Herri osotik etorritako kantuzaleekin bat egitera eta parte hartzera deitzen dituzte euskaltzale guztiak.