Kaixo konpartsak laugarrenez jarraian irabazi du Bilboko aratusteetako mozorro-lehiaketa
Zalantza izpirik ere ez zuen atzo izan Bilboko aratusteetako mozorro-lehiaketako epai-mahaiak, Kaixori konpartsen arteko lehenengo postua emateko; izan ere, hamarna puntu jaso zuten, epaile guztiengandik, puntugarriak ziren mozorro- eta eszeneratze-sailkapenetan. Sailkapen orokorrean lehia handiagoa egon zen eta ASDIUC elkartearen Kawsana Kushi dantza tradizionalak eskuratu zuen garaipena. Azkenik, “banakako” saria eraman zuen Titanicen bertsioa antzeztu zuen hirukoteak: Tabla para dos.
Bilboko idiosinkrazian adituak diren Ylenia Baglietto Farolinak, Lander Otaola Zaranbolasek eta Bilboko Jai Batzorde Mistoko hiru kidek (Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak eta Janire Mampasi eta Garazi Askazibar Bilboko konpartsetako kideek) osatu zuten epai-mahaia. Puntuaziorik altuena (100 puntu) eman zioten Kaixo konpartsari, “Oompa, loompa” abestiaren bertsioari, Willy Wonkaren iratxoen jantziei eta animazioari eta antzeztutako tiranoaren aurkako matxinadari esker. Mozorro-lehiaketa 2019an, 2020an eta 2022an irabazi zuten aurretik kaixotarrek; 2021ean ez zen Aratusterik ospatu, pandemiagatik. Beraz, aurtengoa da sari nagusia eraman duten laugarren urtea, jarraian.
Kaixorekin batera aurtengo podiuma osatu dute Piztiak konpartsa animalistak, “Ez izan torero” kantarekin eta toreatzaile langabeei arreta egiteko Lanbideko bulego mugikorrarekin, eta Algara konpartsa euskaldunak “Marea” abestiarekin eta Ur-P-Tik-83 urpeko ontziaren buzoekin.
Sailkapen orokorrean, ASDIUC elkartearen Kawsana Kushi dantza tradizionalaren lore-hostoen eta lantzen atzean geratu ziren atzo Pixelatuak eta Medusas del Cantábrico taldeak.
Azkenik, banakako lehiaketan Tabla para dos hirukotea nagusitu zen, atzean Inspector Gadget eta Amor incondicional izan zituela. Aurtengo nobedadea izan da banakakoek eta hiru kide arteko taldeek zapatu eguerdian jardun izana, Berastegi kalean ezarritako photocallean, epaile biren aurrean. Horrek bermatu die lehiaketan parte-hartzea Kale Nagusitik jaisteko lotsa daukatenei edo ordutegi arazoren bat dutenei eta lagundu du arrastiko mozorro-lehiaketa arintzen.
Mozorro-kalejirarako eguraldi paregabea eta giro aparta bizi izan ziren atzo eta 4.000tik gora parte-hartzaile batu ziren, Kale Nagusitik behera euren mozorroak, dantzak eta kantuak erakusteko.
Sailkapen orokorra
- 1.- Danza Kawsana Kushi, 86 puntu.
- 2.- Pixelatuak, 80 puntu.
- 3.- Medusas del Cantábrico, 75 puntu.
Konpartsen sailkapena
- 1.- Kaixo, 100 puntu.
- 2.- Piztiak, 85 puntu.
- 3.- Algara, 81 puntu.
Banakakoen, bikoteen eta hirukoteen sailkapena
- 1.- Tabla para dos, 16 puntu.
- 2.- Inspector Gadget, 13,5 puntu.
- 3.- Amor incondicional, 13 puntu.