Bandera urdina eta marroia banatu dituzte Bilboko Konpartsek
Mamiki konpartsak eraman du Aste Nagusiari ekarpen positiboa saritzen duen ikur urdina, txosna jarri ez arren giroa alaitzeagatik. Bandera marroia, berriz, El Correo egunkariarentzat izan da, Aste Nagusia zapuzteko egindako ekarpen nabarmenagatik.
Gaur arratsean banatu ditu Bilboko Konpartsen Federazioak bandera urdina eta marroia, konpartsen arteko herri kirolak hasi aurretik egindako ekitaldian. Bandera urdinak Aste Nagusiari ekarpen positiboa egiten diotenen lana saritzen du. Aurten Mamiki konpartsak jaso du, konpartsa feministak txosna jartzerik izan ez duten arren, sekulako animazioa sortu duelako aste osoan, hainbat ekitalditan parte hartuz eta bere batukadarekin giroa alaituz. Mamikiko konpartsakideek atsegin handiz jaso dute saria Txupineraren eta Pregoilariaren eskutik.
Bandera marroiak jaia hondatu nahi dutenen ahalegina “saritzen” du eta, aurten, El Correo egunkariarentzat izan da, merezimendu osoz. Izan ere, egunotan bere webgunera edozein unetan jo eta azala Aste Nagusiaren zein konpartsen gaineko titular negatiboz beteta ikusiko dugu: dena da beldurra, fobiak eta susmagarriki bortxatutako ika-mikak. Gaizki pentsatzen jarrita, balirudike ez dutela nahi jendeak Aste Nagusira etortzea. Aipatutako egunkariko ordezkaririk ez da azaldu saria jasotzera, gonbita jaso duten arren.