Tintigorrik bigarren garaipena lortu du sukaldaritza-lehiaketan

Deustuko Tintigorri konpartsa garaitu da bigarren egunez aurtengo Aste Nagusiko Sukaldaritza-lehiaketan, gaur prestatu duen bizkaitar erako bakailaoari esker. Lehenengo garaipena patata-tortillatan eskuratu zuten. Sailkapen orokorrean, Lopategiri jantzi diote txapela Itziar Lazkano pregoilariak eta Iratxe Palacio txupinerak.
Eguraldia lagun, Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketako bizkaitar erako bakailao-lehiaketan parte hartu dute dozenaka lagunek Bilboko Areatzan. Parte-hartzaile denek aukera izan dute euren arrain-platerak lurraldeko txakolinarekin ezkontzeko, Bizkaiko Txakolinak oparitutako botilei esker.
Eguneko sukaldaritza-lehiaketaz gain, gune gastronomikoan bestelako jarduerak egin dituzte: Txupineren Eguneko ohiko harrera txupinerei; eta Conservas Cusumano enpresako lagunek eskainitako kontserba-tailerra.
Gaurko puntuazioak aurreko egunetakoei gehituko zaizkie. Hala, oraindik beste hiru proba geratzen dira Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketaren sailkapen nagusirako, lehiaketa denek puntuatuko baitute; igandean ezagutuko dugu irabazlea.

Gaurko Sailkapena
Orokorra
1.- Lopategi (107,0 puntu)
2.- Amomaren Oroimenez (104,5)
3.- Koppi 2 (97,5)
4.- Txoko La Pintxeta (86,5)
4.- Koppi 1(86,5)
Konpartsena
1.- Tintigorri (79,5)
2.- Txomin Barullo (77,5)
3.- Aixe Berri 2 (70,5)
4.- Txori Barrote (67,5)
5.- Hor Dago Abante! (62,0)
Deskargatu 2022ko sailkapenak: Orokorra / Konpartsak (PDF formatuan)