Txosnak muntatzen hasi gara
Txosnek jai-ereduan duten garrantzia gogoratu dute Bilboko Konpartsek, Aste Nagusirako muntatze-lanak hasi diren egunean. Besteak beste, erasoen aurkako babesleku, aldarrikapenen aterpe eta programazioa gauzatu ahal izateko ezinbestekoak direla nabarmendu dute, muntatzea “momentu magikoa” dela eta txosnek kaleak berriz ere hartu aha izateak duen zentzu komunitarioa gogorarazi dute konpartsek.
Gaur, Aste Nagusitik bederatzi egunera, eta azken aldiz egin zenetik hiru urtera, konpartsak txosnak muntatzen hasi dira, eta Bilboren kasuan, ez dira egitura prefabrikatu soilak, zinezko ingeniaritza lanak baizik. Bilboko Konpartsen bozeramale lanetan aritu diren Nerea De las Heras eta Julen Larreak azaldu dutenez, “halabeharrez, Bilbok bi abuztu gris eta graziarik gabe” igaro ostean “gogotsu eta indartsu itzuli gara gure kaleak aldamioz eta kolorez berriro betetzeko”.
Bilboko Konpartsentzako gaurkoa “oso egun berezia eta esanguratsua da”, kaleak berriz ere hartu ahal izateak “zentzu komunitario eta sozial indartsua du”. Aurreko hilabeteetan elkartu ere egin gabe egon ondoren, “pentsaezina zen eskubide hori berriro erabili ahal izateak pozez betetzen gaitu”, adierazi dute konpartsek..
Konpartsen irudiko, txosnak muntatzea “momentu magiko bat da, konpartsako pertsona bakoitzak bere izaera aldatzeko unea, bere uniformea kentzeko eta mailua hartzeko, nahiz eta entxufe bat ere aldaten ez jakin”. Une honetan, aurretik egindako lana azaltzen da jendaurrean: “Itzalean, tabernetako terrazetan, lokaletan eta whatssap taldeetan gauzatzen diren ideiek zentzua hartuko dute behingoz”, azaldu dute konpartsakideek.
Hamar egun hauetan, beste behin ere, kalean ikusi ahal izango da berriz Bilboko Konpartsek bideratzen duten espiritua: ”talde-lana, autogestioa, elkartasuna eta salaketa nahasten diren giro batek hartuko gaitu”..
Konpartsek bilbotarrak animatu nahi izan dituzte txosnetara buelta daitezen, “gozatzera eta dantzatzera, jakinik txosnetan hartzen den pote bakoitzarekin Aste Nagusiko programazioari eustea laguntzen ari direla, konpartsa bakoitzarena zein Bilboko Konpartsen Federazioarena”. Konpartsetan parte hartzera ere animatu nahi izan dituzte, “nork bere gustuko konpartsan bere eskuen ekarpena egiten”. Federazioaren arabera “Konpartsena jai-ereduaren muina da, elkarlan handia eta magikoa baita, eta txosnek askotariko etxez osaturiko bederatzi eguneko herrixka bizia osatzen dute jai-esparruan”.
Horretarako, egunotan, 28 konpartsotako 1000 lagun baino gehiago egongo dira lanean txosnagunean. Bertan “bakoitzak bere aniztasuna aldarrikatu eta ezerezetik txosna bat sortu ahal izango du”. Konpartsek azaldu dutenez, lan horren helburua ez da egitura bat soilik eraikitzea, “baizik eta gure mezua komunikatzeko bide bat sortzea, batzuetan eragozten zaiguna eta”. Beste alde batetik, konpartsentzat “aterpea ere badira txosnak”. Horri dagokionez, konpartsek aurreratu dutenez, “aurten inoiz baino indar handiagoz, erasoen aurkako gure lan taldeari esker, jaietan parte hartzen duten guztiei jakinaraziko zaie txosna-gunea gune segurua dela ta edozein unetan jo ahal dutela txosnetara, indarkeria matxista, arrazista, homofobo edo espeziistaren biktima badira”.
Beste aldetik Mamiki konpartsak aurten txosnarik paratuko ez duenez muntatzea “pixkat gazi-gozoa” izango da konpartsentzat, eta datorren urterako txosna feministak “txosnagunea alaitzeko aukera izatea” espero dutela adierazi dute.
Onartu dute, hala ere, bi urte muntatu gabe egon ondoren, balitekeela konpartsek txosnagintza pixkat “herdoilduta” edukitzea, baina “ bizikleta berriz hartzea bezalakoa da, eta badakigu martxan jarri behar garela besterik ez, gainerakoa DNAn daramagu”, ziurtatu dute federazioaren eledunek.