Itziar Lazkano eta Iratxe Palacios Pregoilaria eta Txupinera izango dira 2022ko Aste Nagusian
Aste Nagusiak baditu aurten abuztuaren 20tik 28ra Bilbon ospatuko den jai-ediziorako enbaxadoreak: Itziar Lazkano Setien eta Iratxe Palacios Gana aukeratuak izan dira, hurrenez hurren, 2022ko Pregoilari eta Txupinera izateko.
Itziar Lazkano aukeratu du Bilboko Jai Batzorde Mistoak abuztuaren 20anArriaga antzokiko balkoitik pregoia irakurtzeko. Ospe handiko aktore eta zuzendaria, “Bilboko Ospetsua” ere badena, pregoilaria izateko aukeratua izan da bere ibilbideagatik eta arte eszenikoen eta kulturaren zabalkunderako Bilbon eta Bilbotik egindako ibilbide eta ekarpenagatik. Portugaleten 1957an sortua, antzerkian ondutako aktorea da, Euskal Herritik kanpo ere hainbat ikuskizunetan aritua, hainbat sari jasotakoa da, aktore zein zuzendari lanengatik.
Era berean, 2022ko Aste Nagusiari hasiera emango dion txupina jaurtitzeko ardura izango duen Txupinera Iratxe Palacios izango da. Tintigorri konpartsako kidea da, hura izan baita zozketan aurtengo Txupinera izendatzea egokitu zaion konpartsa. 1986an jaiotako Bilbotarra eta Txurdinagako bizilaguna da administrari eta tabernari gisa lan egiten duen Iratxe. Oso langilea izateaz gain, Iratxe salsera da eta zinean edo telebistan figurante gisa azaltzea du gustuko. Aste Nagusiaren zale porrokatua da , katuak maite ditu baita, ahal duen guztietan, mendira igotzea ere.