Bilboko Aratusteak eta Farolin eta Zaranbolas aurkeztu ditugu

Bilboko Jai Batzorde Mistoak aurtengo Aratusteak aurkeztu ditu gaur udaletxean. normaltasuna berreskuratzeko bideari ekiteko garaia heldu dela nabarmendu du batzordeak eta “Txikitik handira” gaia proposatu die Bilbotarrei mozorrotzeko. Publiko guztientzako 50 bat ekitaldi prestatu ditu batzordeak, “asperdurak lekurik izan ez dezan”. Farolin eta Zaranbolas ere aurkeztu dira gaur jendaurrean: Ibon Koteron albokaria eta Gemma Martinez aktorea.

Farolin, Zaranbolas eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa

Batzordeko presidente Itziar Urtasun zinegotziak eta Bilboko Konpartsen ordezkari Ioritz Varonak adierazi dutenez, badira bi urte Bilbok azken aldiz inauteriak ospatu zituela. “Aratusteak izan ziren, hain zuzen ere, gure hirian normaltasunez ospatu ziren azken jaiak. Pandemiak eragotzi digu denbora honetan beste ezer ospatzea, baina, dagoeneko, normaltasuna berreskuratzeko bideari ekiteko garaia heldu da”. Ioritz Varonak gehitu duenez “gogotsu gaude berriro ospakizunei ekiteko. Egunotan lurra esnatzeko keinuak egiten zituzten gure arbasoek: Santa Agedako makil kolpeak eta joaldunen joare hotsak ate-joka dagoen eguberriaren seinale ziren. Guk ere esnatu nahi dugu Bilbotarrok denbora luzeegian lozorroan izan dugun jai-espiritua, eta horretarako prestatu dugu Aratusteetako egitarau hau”.

Izan ere, Urtasunek adierazi duenez “TXIKITIK HANDIRA da Jai Batzorde Mistoak aukeratutako gaia eta gai hori hartuta mozorrotzeko deia egiten dugu. Azken urte biotan gauza txikiak handi bihurtu direlako guretzat, faltan izan ditugunak eta itxialdia gozarazi digutenak: gazte garaiko marrazki bizidunetatik mahai-jokoetara, indoor kirolak, etxeko sukaldaritza”, animatzeko eta mozorrotzeko deia egin du zinegotziak.

Aste honetan bertan hasiko dira egitarauko ekitaldiak, Kafe Antzokian izango den kopla txikien lehiaketarekin. Igandean, pontxe eta torrada lehiaketa izango da Plaza Barrian, eta izen-ematea Bilboko Konpartsen webgunean dago zabalik. 

Datorren astean, ostegun arratsaldean musika kalejira izan ostean ostiralean helduko da Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa eta epaiketa. Eta, ondoren, Aratuste Zapatua izango da egunik potoloena: merkatua,kaleko musika eta kontzertuak, eta mozorro-kalejira. Aurten Kale Nagusian norabidea aldatuko du kalejirak, Foru Jauregitik Areatzarantz abiatuta.

Aratuste Zapatuko mozorro lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, telematikoki, hilaren 19ra arte, baina kalejiraren egunean bertan izena eman ahal izango dute, Portuko Markesaren kalean ezarriko dugun mahaian, 16:00etatik 16:30era. Programazio guztia, baita lehiaketa guztietarako izen-emateetarako informazioa gaurtik aurrera izango dugu eskura bilbokokonpartsak.eus webgunean.

Igandean Gaztedi dantza taldeak Zuberoako Maskarada ekarriko digu, astelehenean udal bandaren txanda izango da, Txirri Mirri eta Txiribiton eta Bataklan kabareta. Asteartean, amaitzeko, Bilboko Udal Txistulari Bandaren kontzertua eguerdian eta, iluntzean, ohi bezala, sardinaren erreketarekin bukatuko ditugu Aratusteak.

Urtasunek “ondo pasatu nahi dugula baina elkar zainduz” gogorarazi du. “Ekintza gehienak kalean egiteko ekintzak dira, aire librean, baina beti egongo dira distantziak laburragoak izango diren uneak. Horrelakoetan sen onak agintzen du eta maskara erabili beharko da beti”, gehitu du.

Farolin eta Zaranbolas

Aurtengo Farolin eta Zaranbolas, Bilboko Aratusteetako pertsonaiak aurkeztu dira, era berean, gaurko ekitaldian. Ibon Koteron musikaria eta filosofia irakaslea Farolin izango da, eta Gemma Martinez aktorea Zaranbolas.

Ibon Koteronek hitza hartu du eta Farolin izatea “sekulako ohorea” dela esan du. Hala ere,  pertsonaien profilak ezagututa, bera, izatekotan “Faranbolas” izango litzatekeela adierazi du. Bere aldetik “emozioz beterik, Oscar saria eman balidate bezala” hartu du Gemma Martinezek Zaranbolas izendatzea. “Nire pertsonaiak dioen bezala, carpe diem, goza dezagun asko egunotan, eta gogoratu erasorik gabeko jaiak izan behar direla”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude