Bilbori irria bueltatzen lagundu du konpartsen kulturaldiak
Bilboko Konpartsak federazioak balorazio ona egin du egunotako Bilboko Irria kulturaldi herrikoiaz: “pozik gaude Bilbori irria bueltatzen lagundu duelako ekimenak”. Konpartsek azaldu dutenez, erakutsi egin dute kultura egin daitekeela eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistaren arabera, osasun-neurriak, aforoak eta Covid-19ren aurkako protokoloak errespetatuta. Udalari elkarlan zintzorako deia egin diote.
Bilboko Irria amaitzeko ordu eta ekitaldi gutxi batzuk falta direnean, Bilboko Konpartsek balorazio ona egin dute bost eguneko kulturaldiaz. Udal debekuak pairatu arren, azpimarratu dute baimendutako ekimen denak egin dituztela, eta guztietan bilbotarren jarrera ona jaso dutela. “Pozik gaude Bilbori irria bueltatzen lagundu duelako ekimenak” adierazi dute konpartsek. Besteak beste, nabarmendu dute erraldoiek eta dianek izan duten harrera aparta. Bilboko konpartsen ustean, eguraldi onak erraztu du jarduera denak kalean egin ahal izatea, eta beraz osasun-neurriak aplikatzea ere ahalbidetu du.
Konpartsek gaineratu dutenez, ekitaldi denetan bete dira osasun-neurriak, aforoak eta Covid-19ren aurkako protokoloak. Hala, erakutsi egin dute eragile herrikoiek kultura egin dezaketela, eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistaren arabera. Uste dute berdin egin zitezkeela Bilboko alkateak debekatutako ekitaldiak eta berdin egin zitezkeela kendutako guneetan ere: “Areatzan, Erripan edo Kaian lasai asko egin zitezkeen jarduerak, beste guneetan izan ditugun protokoloekin”.
Konpartsek eskerrak eman dizkiete Bilboko Irrian parte hartu duten kulturgile denei eta baita ere debekuen ondorioz parte hartzerik izan ez duteneei. Modu berean, eskertu diete emandako laguntza SOS Ostalaritzari, Bira Zapatistari, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduari, udal-teknikariei eta hainbat eragileri eta pertsonari.
Balorazioa ixteko, konpartsak Juan Mari Aburto alkateari zuzendu zatzaizkio, haserre bizi beharrean elkarlan zintzoa proposatzeko.