Astelehenean pentsiodunekin bat egitera deitzen dugu Bilboko Konpartsok
Bilboko Konpartsok bat gatoz Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak datorren astelehenerako Bilbon deitutako manifestazioarekin, eta bertan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.
Konpartsok pentsio duinen eta osasungintza eta zerbitzu publikoen aldeko ekimen horretan parte hartuko dugu, bigarren urtez jarraian gozatuko ez dugun Aste Nagusiko astelehena izango litzatekeen egun triste horretan, pentsiodunei eta euren aldarrikapenei erabateko babesa adierazteko.
“Murrizketarik ez! Ez zerbitzu publikoetan, ezta pentsioetan ere” goiburuko martxa Plaza Eliptikotik aterako da, 12:00etan. Mobilizazioak aldarrikatuko ditu 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zaintza duinak eta kalitatezko osasun publikoa, besteak beste.