Konpartsok udako solstizioa ospatuko dugu hilaren 23an Etxebarria parkean
Bilbo, 2021/06/14
Bilboko Konpartsak federazioak Etxebarria parkean ospatuko dugu San Juan gaua ekainaren 23an, 22:00etan hasita. Antzezlan musikatua antolatuko dugu konpartsok Etxebarria parkeko zabalunean, Hortzmuga Teatroa eta Lekittoko Deabruak taldeek girotuta. Aforoa mugatua denez, izena eman beharko da aldez aurretik honako formularioaren bidez.
Iragan berri den Txosnaganeko igoeratik errekuperatuta, datorren astean San Juan gaueko hitzordua izango dugu Bilboko Konpartsok datorren asteko asteazken gauean. Hala ere, San Juan gaua ospatzeko aukerak anitzak dira, Bilboko Konpartsek antolatutako egitarauaz gain, Bilboko auzoetako jai batzordeek (Auzotarrok) ere hainbat ekintza prestatu baitute nork bere auzoan gau magiko hau ospa dezan. Etxebarria parkean, jakina, indarrean diren osasun neurriak errespetatuko dira distantziari eta aforoari dagokionez, horregatik izena eman beharko da aldez aurretik.
Erritual paganoa da San Joan gauekoa, naturaren zikloekin lotuta dagoena eta gaur egun oraindik ospatzen dena. Udako solstizioa urteko egunik luzeena da eta, horregatik ospatzen zuten gure arbasoek. Eguzkiaren eta naturako elementuen miresle ziren, funtsean haien menpe bizi zirelako eta urtaroen arabera antolatzen zuten euren bizimodua, batez ere nekazaritza sortuz geroztik. Gerora etorri zen kristautasunak hitzordu pagano haiek bataiatu zituen, santuen izenak ezarriz (San Joan eta San Tomas udako eta neguko solstizioentzat, hurrenez hurren).
Uztak biltzeko unea hurbildu ahala, laboreengatiko ardura handia zen aintzinako gizarteetan, komunitatearen biziraupena jokoan baitzegoen lehorte, uholde, sute edota izurriteen menpe. Zuhaitzek ere rol berezia zuten orduko euskaldunentzat, izan ere, tximistetatik babesten gaituzte ekaitzetan, eta, urte osoan, hondamendietatik gordeko gaituzte. Suarekin eguna luzatu gura da, Eguzki jainkoak gauari irabaz diezaion. Sua purifikatzailea ere bada: zorigaitzak erre eta biltzear ditugun uztak babesten ditu bai izurrietatik baita gaixotasunetatik ere.