Irria aurretik, Aste Nagusia bertan behera utzi arren
Bilbo, 2021/06/03
Bigarren urtez jarraian, Aste Nagusia bertan behera utzi genuen herenegun Bilboko Konpartsok eta Bilboko Jai Batzorde Mistoa osatzen dugun beste eragileok: Zazpi Kaleetako dendariek, Fekoor-ek, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal talde politikoek. Elkar-zaintzaren filosofian oinarritu ginen erabaki hori hartzeko, denon osasunaren alde jokatuz. Ez dago baldintzarik aurten ere ohiko Aste Nagusi parte-hartzaile eta aldarrikatzailea antolatzeko eta tristeziaz uko egin beharko diogu aurten ere Mari Jaia besarkatzeari. Dena den, Jai Batzorde Mistoko kideok konpromisoa hartu genuen datorren urtean Mari Jaia eta Aste Nagusia buelta daitezen lan egiten segitzeko.
Bide horretan, Bilboko Konpartsok beharrean gaude, datorren urteari begira ez ezik uda honetan garatuko dugun kultur-programazio herrikoiak Bilbori irria berreskuratzen lagun diezaion, Covid-19ren oinazearen eta konfinamuenduetako nekearen ostean. Hala, ekainaren 12an, Gora Txosnagane! mendi-igoera neurtua izango da, eta dagoneko izen-ematea zabalik dago; hilaren 23an, berriz, San Juan bezperarako antzezpen indartsu batez gozatu ahal izango da; eta abuztuaren azken astean kulturaz eta ezustekoz blai izango da Bilbo, konpartsakideen ekimenez. Ohi legez, bizitza, kirola, kultura eta Bilborekiko zein komunitatearekiko konpromisoa eskainiko diete hiritarrei Bilboko Konpartsek. Irria aurretik beti.
Azkenik, “bitxia” iruditu zaigu Bilboko Udalak Jai Batzorde Mistoaren agerraldia egin nahi ez izana eta JBMren prentsa-oharra kaleratu baino lehen bideo-spoilerra egin izana. Nahiz eta Udala gure lana isilarazten saiatu den, Bilboko Konpartsok, eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskalduna indartuz segituko du.
Bilboko Konpartsak
Tel.: 607 653 545 E-posta: bulegoa@bilbokokonpartsak.eus