Bilboko konpartsok ez dugu San Tomasen ekitaldirik egingo

Luhartz taldeko erromeria, iazko San Tomasen

Bilbo, 2020/10/26

 

Datorren abenduaren 21ean, konpartsok ez gara San Tomasen izango, Bizkaiko baserritarren egun nagusian, eta ez dugu bertan sukalde- eta kultur-programaziorik antolatuko, “gaur egungo osasun-egoera dela eta”. Halere, Bilboko Konpartsen Federazioak “lehen sektorea eta elikadura-burujabetza babestera” deitu dugu, “jai herrikoiak, herri-kultura eta zerbitzu publikoak” defendatzearekin batera.

Urtero-urtero konpartsok euren ahalegina egin ohi dugu San Tomas egunean, “bertoko ekoizpena zein elikadura-eredu burujabe baten aldeko apustua egiteko”. Helburu horrekin, San Nikolas elizako ingurua dinamizatu dugu urteotan, umeentzako emanaldiak, bertsoak, txalaparta, erromeria, kantu-kalejira eta bertoko jana eta edana eskainita.

Aurten, berriz, Covid-19 gaitzaren zabaltze handiak ez dugu bermatzen nekazaritzaren festa handian konpartsok egiten dugun programazioa eta ospakizuna burutu ahal izatea. Beraz, “gaur egungo osasun-egoera dela eta” konpartsok erabaki dugu jarduerarik ez antolatzea abenduaren 21ean, “prenbentzioa eta elkar-zaintza printzipioetatik abiatuta”.

Konpartsok abuztuan iragarri genuen “gutxienez, San Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango, Covid-19a bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean”. Orduan egin bezala, deitu dugu “jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babestera”, eta baita zerbitzu publikoak ere, “osasun-krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikook ordain ez dezagun”. Mezu hauei gaineratu diogu “lehen sektorea eta elikadura-burujabetza babestera” gaur egindako deia. Izan ere, azaldu dugunez, “bertoko ekoizle txikien elikagaiak kontsumitzeak garrantzi handia izango du babesteko ingurumena eta gure inguruko herrietako bizitza sozio-ekonomikoa eta linguistikoa”.

Konpartsakideak San Tomas eguna ospatzen, iaz

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude