Bilbotarrek Aste Nagusiko datetan izan duten jarrera goraipatu dugu konpartsok
Bilbo, 2020/08/31
Gaur, Aste Nagusiko datak pasatuta, hau da Bilboko Konpartsok egindako balorazioa:
Bilboko Konpartsok agur esan diogu aurten Bilbora bisitarik egin ez duen Marijaiari. Ohiko 566 jai-ekintzetatik edo Aste Nahasirako prestatuta zeuden 51 ekimen ludiko eta kulturaletatik zero egin dugu aurten konpartsok, nahiz eta asko eta asko sare sozialen bidez gogorarazi ditugu. Covid-19ko gaitza Euskal Herrian hedatu zenetik, konpartsok erabakiak hartu ditugu honako gakoei eutsiz: erantzukizuna, elkartasuna, elkarlana eta alaitasuna. Azkenean, baina, tristura eragin digu Aste Nagusia antolatu gabe uztea, baina akordura ekarri dutenez, “gure konpartsakide nagusiengandik ikasi genuen zer den arduratsu izatea, 1983ko uholdeetan, eta berdin jokatu dute konpartsakideek aurten”.
Halere, konpartsakideok ez dira desagertu kaleetatik: konpartsetako atorrak ikusi gara pasa den astean nonahi eta noiznahi: okindendan, fruta-dendan, kafetegian, estankoan, kalean… beti jokabide arduratsuei lotuak. Horrelakoa izan da ere, oro har, bilbotarren jarrera: jende-pilaketarik gabea, alaia, errespetuzkoa, elkar zaintzari begirakoa. Izan ere, “zalantzarik ez dugu, munduko jai onenen gakoa jendea bera dela”, azaldu dugu konpartsek, urtero-urtero “jarrera eredugarriak” ikusi baitituzte jai-gunean.
Aurrekoaren ondoan, aurten “desfile sasimilitarrak” ikusi dira Zazpi Kaleetan, gorputz polizial batek eginak, metralletak eskuan. Jarrera “bortitz, harroputz, oldar, haserre eta maskulinitate-eredu inposatzaile horiek soberan” daudela esan dugu. Konpartsen ustean, “baten bati burua joan zaio” horrelakoekin.
Eraso sexistak
Bestalde, aurten Bilboko Konpartsok eta Bilbo Feminista Saretzenek ez dugu salatu eraso sexistarik, arrazistarik eta LGTBIfoborik, Aste Nagusiko datetan. Dena den, konpartsok erasoen aurkako “errefusa” adierazi dute, “salatzen ez diren eraso sexistak ere, izan badirelako”. Azaldu dutenez, Bilboko Konpartsok erasoen aurkako protokoloa aktibatzen ohi dugu, baldin eta eraso larri bat jaso duenak salaketa bat egin badu halako baten inguruan, eta salaketa horren berri izan dugunean; edo, “horren ezean, protokola aktibatu daiteke erasotuaren zuzeneko testigantza baldin badugu, eta, beti ere, pertsonaren oniritzi eta adostasunarekin. Kontu konplexua da. Aurtengo Aste Nagusiko datetan ez dira protokoloa aktibatzeko baldintza guztiak bete, baina horrek ez du esan nahi erasorik ez denik gertatu, eta atsekabez diogu hori. Horregatik, ezin gara isildu eta gertatu diren zenbait eraso estali. Gertatu dira, baina modu batean edo bestean, ikusezinak dira”.
Erasoekin lotutako mito handi bat da halakoak kalean gertatzen direla, eta ezezagunengandik datozela, baina Bilboko Konpartsok beste zenbaitetan adierazi dugun bezala, “oraingoan ere azpimarratu nahi dugu usteak erdiak ustelak direla, eta uste hori ere okerra dela, oso zabaldua gainera. Jakin behar dugu badirela erasoak aipatzen ez direnak, edo ustez arinak izanagatik, ikusezinak direnak. Baina izan, badira. Badira, eta baldintzatzen gaituzte”. Eraso sexualen inguruko datuak kezkatzekoak dira. Gertatzen diren seitik bat baino ez da salatzen.
Etorkizunari begira
Konpartsok azaldu dugunez, “osasun-krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikook ordain ez dezagun” joan den martxotik martxan ipini zituzten hainbat elkartasun-jarduera eta elkarlan: auzoetako elkartasun-sareetan parte hartuz, 1.000 kulturgilek baino gehiagok sustatutako manifestuarekin eta greba digitalarekin bat egin izanaz, Hego Euskal Herriko hiriburuetako festen bideo-prentsaurrekoaz, edo bat etorriz Auzotarrok Bilboko auzoetako jai-batzordeen koordinadorarekin. Aste Nagusiko datetan, berriz, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduarekin eta Teknikariok sindikatuarekin izan gara konpartsok, euren aldarrikapenak babesten. Hala, jai herrikoiak, herri-kultura eta osasungintza, hezkuntza eta bestelako zerbitzu publikoak defendatzera deitu dugu, alaitasunez. Modu berean, osasun-langileek orain arte egindako “lan eskerga” eskertu dugu.
Azkenik, Aste Nagusirik egon ez denez, aste honetan ez da ohiko desmuntairik egongo. Hori dela eta, dagoeneko etorkizunari begira gaude Bilboko Konpartsok. Laster barne-hausnarketari ekingo diogu, “urtez urte hobetzea” bermatzen diguna, baina jakin badakite “gutxienez San Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango, Covid-19a bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean”. Gainera, jai herrikoiak eta herri-kultura defendatzera deitu ditugu, bai Euskal Herri mailan eta baita Bilboko kaleetan ere.
Herritarrei gogorarazi diegu haiek direla “eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekide honen protagonistak. Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 28 konpartsen ateak eta, nahi izanez gero, norberak berea sortzea ere badu, jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babesteko, auzoetako jai-batzordeak eta Bilboko Konpartsak indartsuak izatea komeni” delako.