Jai herrikoiak eta zerbitzu publikoak babestu!

Aste Nahasia bertan behera utzita, Bilboko Konpartsok balorazioa egin dugu gaur goizean, Bilboko Arriaga plazan.

Joan den asteleheneko iluntzean Bilboko Konpartsok aho batez erabaki genuen Aste Nahasia ez egitea, datorren abuztuaren 22tik aurrera plangintzatuta geneukana. 51 ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea zen, hein batean, udalak aldebakarrez bertan behera utzitako Aste Nagusia ordezkatu behar zuena.

Hartutako erabakia baloratzea da Covid-19a hasi zenetik Bilboko Konpartsok hartzen ibili garen erabakiak ere baloratzea, hainbat gakoren bidez:

Erantzukizuna: gure konpartsakide nagusiengandik ikasi genuen zer den arduratsu izatea, 1983ko uholdeetan, beste auzokide denekin, instituzioekin… pala eskuan, Zazpi Kaleak eta Bilboko beste leku batzuk auzolanean garbitzen ibili zirenean. Elkar zaintza filosofia ere garatzen joan ginen denborarekin, jarrera eta eraso sexistak jai-esparruan eragozteko, eta gaitzaren garaian gure jarrera markatu du filosofia horrek. Gainera, bilbotar askori gertatu zaienez bezala, gure inguruan birusak kaltetutako gaixoak izan dira, eta haietako batzuek ez dute gaixotasuna gainditu. Hala, osasun-neurriak zorrotz betetzea eta prebentzio-irizpideak jarraitzea erabaki genuen hasieratik. Adibidez, Txosnagane mendirako ibilaldi neurtu birtuala egin genuen hasieran eta, koronabirusak utzi zigunean Txosnaginkane sakabanatua antolatu genuen; San Juan sua ere, bideo-ekimenez egin genuen. Aste Nahasirako ere, jarduera seguruak planteatu genituen: hemen ikus ditzakezue saskibaloiko pilotak, hirukoen lehiaketa jokatzeko, 6,75 metroko urruntasuna eskatzen duena, edo xake-taula, mundu guztiak dakiena jende-pilaketak eragiten dituen kirola dena!

Elkartasuna eta elkarlana: martxoan, gure kideak deitu genituen auzoetako elkartasun-sareetan parte hartzera. Eta osasun-krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikook ordain ez dezagun jai herrikoiak, herri-kultura eta zerbitzu publikoak defendatzera deitu dugu. Besteak beste, bat egin genuen 1.000 kulturgilek baino gehiagok sustatutako manifestuarekin eta greba digitalarekin, bideo-prentsaurrekoa eman genuen Hego Euskal Herriko hiriburuetako festen eragileekin, eta bat etorri izan gara Auzotarrok Bilboko auzoetako jai-batzordeen koordinadorarekin, Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduarekin eta  Teknikariok sindikatuarekin, besteak beste.

Alaitasuna: zein urtean ikusi da Marijaia balkoitik ateratzen apirilaren 23 arrunt batean, barrezka? Ez, ez da antolatu genuen Aste Nagusiaren eta jai herrikoien gaineko tribialaren galdera, eta erantzuna erraza da: aurtengo Aste Nagusirako lau hilabete falta zirenean, konpartsok antolatu genuen ekimenean, bilbotarrei irribarrea atera eta ilusioa eta alaitasuna kutsatzeko asmoz, pandemiaren goibeltasuna ordu batzuez utxienez ahazteko. Aste Nahasiaren bidez, gauza bera egiten saiatu gara, baina azken asteotan Covid-19aren kasu-kopuruak nabarmen ugaldu izanak eraman gaitu ekimen denak bertan behera uztera, osasun-neurririk zorrotzenak izan arren eta gure ustean parte-hartzaileen osasunerako berme denak izan arren. Jende-pilaketarik txikiena ere ez sustatzea erabaki genuen.

Pena: pena handia eragin digute ohiko Aste Nagusia ez egiteak eta Aste Nahasia ere ezin antolatzeak. Alde batetik, ehunka konpartsakide joan den irailetik lanean ibili direlako horietan eta, beste aldetik, bilbotarrek merezi zutelako, ez bazen bata, gutxienez bestea gozatzea. Gainera, euskal kulturgintzaren manifestuan agindu genuen saiatuko ginela ekitaldiak atzeratzen eta ez bertan behera uzten. Baina ez da posible izan. Ikusiko dugu ze aukera dauden San Tomasen, Aratusteetan eta abarretan.

Inposizioa eta hipokrisia: balorazioa ez litzateke errealista izango ez bagenituzke pairatutakoak ere kontuan hartuko. Zoritxarrez, elkarlana baino gehiago, askotan inposizioa erabili du aurten Bilboko Udalak jaien inguruan. Ohi bezala, auzoetako festekin portatu da okerren, debeku denak prentsagatik ezagutu baitituzte. Gure kasuan, Castañares alkateak 1980an erakutsitako debeku- eta aldebakartasun-ildoa berrartu du udalak eta Jai Batzorde Mistoari bere funtzio denak, erabakitze-gunea eta aurrekontua lapurtu dizkio. Modu berean, aipagarria da udalak prentsa horiaren edo konfinamenduan ezagutu genuen balkoi-poliziaren jarrerak hartu dituela: udalaren ustean jai herrikoiak, kasu honetan Aste Nahasia, omen dira arazo bakarra, Covid-19k ekimen herrikoiak, pribatuak eta instituzionalak desberdinduko balitu bezala, edo aste bat lehenago edo beranduago kutsakorragoa balitz moduan. Atzo bertan, kale antzerkia egin zuen Arriagako plaza honetan Bilbao Udak, Bilboko Udalaren kultur-programa bereziak. Ziur gaude ahalik eta osasun-neurri zorrotzenak erabili zituela, baina bitxia da burutu izana, “herritarrenganako errespetuagatik, erantzukizunagatik eta elkartasunagatik” jarduerak ez antolatzeko beste batzuoi egindako eskaeren ostean.

Etorkizuna: Bilboko Konpartsok laster ekingo diogu urtero antolatzen dugun barne-hausnarketari, urtez urte hobetzea bermatzen diguna. Aurten, buruan izan beharko dugu gutxienez San Tomas eta Aratusteak ez direla erronka errazak izango, Covid-19a bertan segituko duelako, ezusteko zoriontsuren ezean. Gainera, jai herrikoiak eta herri-kultura defendatzeko antolakuntza eta ekimenak inoiz baino beharrezkoak izango dira, txarto deitutako “normaltasun berrian” ikusi baitugu hainbat instituzioren jarrera izan dela inposizioa eta debekua jorratzea, elkarrizketa eta elkarlanaren ordez. Horrek Euskal Herri mailan lan egitea eskatuko du, baina baita Bilboko kaleetan ere. Jai herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, euskaldunak eta ekologistak babesteko auzoetako jai-batzordeak eta Bilboko Konpartsak indartsuak izatea komeni da. Herritarrok badugu non aukeratu eta gustuko konpartsa aurkitu ezean beti dago konpartsa berria sortzeko aukera.

 

Batu zaitez! Gora Aste Nagusia! Gora Marijaia!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude