Bilboko Konpartsok bertan behera utzi dugu Aste Nahasia
Bilbo, 2020/08/11
Bilboko Konpartsok ez dugu Aste Nahasirik egingo, abuztuaren 22tik aurrera Aste Nagusia ordezkatu behar genuen “ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea”. Konpartsek aho batez hartu dugu erabaki hori bart, “bizi dugun egoerak baldintzatuta”. Federazioak “osaun-neurri zorrotzenak” kontuan hartuta prestatu genuen gure egitaraua, “parte-hartzaileen osasuna bermatzeko”, baina halere, lehenetsi dugu jende batuketa txikiena ere ez sustatzea, azken asteotan Bilbon eta Euskal Herrian eman den Covid-19 gaitzaren zabaltze handiaren aurrean. Bestalde, konpartsok kritikatu egin ditugu Bilboko Udalaren inposizioak eta erakundeak ipinitako oztopoak, jardueretako baimenak erabat baldintzatu dituztenak.
Joan den abuztuaren 7an, Covid-19ko 538 gaixo detektatu ziren Hego Euskal Herrian, PCR probak eginda, aurreko egunetako gorantzako tendentzia nabarmenaren ostean. Bi egunez kasu-kopuruak beherantz egin arren, atzo gorakada egin zuten berriro, 499 kasu berriekin. Testuinguru horretan, bart Bilboko konpartsok aho batez hartu dugu Aste Nahasia bertan behera uzteko erabakia.
Hala, konpartsok erabaki dugu irailetik hona ehunka konpartsakidek egindako lana, behin eta berriro unean-uneko osasun-neurriei moldatu dena, aurten ez garatzea, ”triste beltz eta krudela izan den eta segitzen duen Covid-19ko krisiaren” aurrean. Konpartsok martxotik aldarrikatu dugu “herri honek irribarrea, ilusioa, esperantza, eta festa-desira behar” dituela, baina uztailean abisatu zutenez, “UCIak bete barik”. Hortaz, “elkar zaintza eta prebentzio-irizpideak” lehenetsi dituzte.
“Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitu eta kultura eskaintzea” zen Aste Nagusia ordezkatzen zuen Aste Nahasiaren helburua. “Ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume” hori “elkar zaintzatik, osasun-neurriekin, eta prebentzio irizpideak gidatuta” egitekoa zen Bilboko Konpartsak, “modu herrikoian, feministan, euskaldunean, ekologistan eta ahal den parte-hartzailenean”.
Udalaren oztopoak
Bitartean, konpartsok eta auzoetako jai-batzordeek oztopoak eta mezprezua besterik ez dugu jaso Bilboko Udalarengandik: “1980an Castañaresek egin bezala, inposizioaren bidea hautatu du, orain arteko elkarlana irudikatzen zuten guneak deuseztatuz, Bilboko Jai Batzorde Mistoarekin egin duen legez”.
Aste Nahasia antolatzeko baimenei dagokienez, oraindik orain erantzun ofizialaren zain dago Bilboko Konpartsak, osasun-neurri denak zorrotz bermatuta ere. Udalarengandik jasotako azken mezuetan, irizpide politikoak nabarmendu dira eta ez teknikoak edo osasun-arlokoak. Udalaren Bilbao Uda egitaraua uda osoan programatuta dagoen bitartean, Aste Nahasia omen da arazo bakarra, Covid-19k ekimen herrikoiak, pribatuak eta instituzionalak desberdinduko balitu bezala, edo aste bat lehenago edo beranduago kutsakorragoa balitz moduan.
Aste Nahasiaren egitaraua
Bertan behera utzitako jardueretan “osaun-neurri zorrotzenak” erabili behar genituen konpartsok, egitaraua aurrera eraman eta “parte-hartzaileen osasuna bermatzeko”. Besteak beste, Bilboko Udalaren eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen ekitaldietan erabilitako osasun-protokoloak hartu eta zorroztu zituen konpartsen federazioak, bere “ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea” diseinatzean. Jende-pilaketak ekiditeko, bost gunetan banatzen ziren Aste Nahasiko 51 ekitaldiak: bertso-saioak, hitzaldiak, umeen tailerrak, eskalada-murrua, bertoko baserritarren merkatuak, zinema, antzezlanak, kontzertu akustikoak, zientzia-tailerrak, mahai-jokoak, triple-txapelketak eta dastaketak, besteak beste. Aforoak, gainera, 30 eta 100 pertsona bitartekoak ziren. “Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzea” zen Aste Nahasi horren helburua.
Kartel-lehiaketa
Datorren abuztuaren 22an hasi behar zen Aste Nahasia iragartzeko afitxa ere aukeratu zuen atzo Bilboko Konpartsek abiatutako kartel-lehiaketaren epaimahaiak. Irune Usunaga Gilek aurkeztutako “Kolore Nagusiak” lana izan da lehiaketaren irabazlea, merezimendu osoz. Artistak “konpartsen koloreak erabiliz bertoko erreferenteen eta diseinu garbi baten aldeko apustua” egin du, epaimahaikideen arabera. Joan den uztailaren 18an deitu zuen lehiaketa federazioak, eta orain dela hiru egun finalerako sailkatutako hiru lan aurkeztu zituen: “Bilbao Patas Arriba”, “Zurrunbiloa 2020” eta “Kolore Nagusiak” irabazlea. Diseinuaren eta arte ederren inguruko ikasketak edo lanbideak dituzten bost konpartsakidek osatu dute epaimahaia.
Oharra: konpartsok prentsaurrekoa emango dugu barikuan, abuztuak 14, balorazioa eta etorkizunari begirakoak azaltzeko. Prentsa-ekitaldia Arriaga plazan izango da, 11:30ean.