Mendizaleok Txosnaganera birtualki igotzeko aukera izan dugu gaur

 

Ginkana bat izango da bere ordezko fisikoa ekaineko azken asteburuan

Bilboko Konpartsok Txosnagane mendi-igoeraren VIII. ekitaldiari ekin diogu aurten ere. Gainera, Txosnaginkane I. Orientazio-ibilbidearen izen-ematea zabalduko dugu, astelehenean, ekainaren 8an. Izan ere, aurten, ohiko ibilaldi neurtua modu birtualean egin dugu konpartsok, Covid 19ko pandemiak sortutako egoeragatik. Hala, hainbat parte-hartzailek konfinamendu-garaian bidalitako irudiekin bideo bat kaleratu dugu.

TxosnagINKANe orientazio-ibilbidea

Hala ere, konpartsok alternatiba ez birtuala programatu dugu geroagorako, Txosnaginkane orientazio-ibilbidea, ekainaren 26an, 27an eta 28an, Atxurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeekin elkarlanean.

Jarduera ez lehiakorra izango da, osasun-irizpideak eta elkarren zaintza oinarri hartuta. Ekintzaren helburua Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutatzea da, modu libre eta arduratsu batean. Horregatik, parte-hartzaile guztiei dei eginten diegu jarraibideei kasu egiteko, denon osasuna bermatzeko eta ingurumena errespetatzeko.

Txosnagane mendiaren inguruko ginkanak ibilbide bi izango ditu norberak hautatzeko eta horien barruan hiru zirkuitu izango dira, zozketan egokituko direnak. Edozein kasuan, topatzeko hamaika objektu izango dira. Biderik luzeenak izango ditu 19,17 kilometro eta 967 metroko desnibel positiboa; eta laburrenak, 13,60 kilometro eta 582 metroko desnibel positiboa.

Astelehenean irekiko dugu izen-ematea, eta berau ekainaren 24ra arte bete ahal izango da, Bilboko Konpartson webgunean: Bilbokokonpartsak.eus.

izena eman nahi dut

Norberaren ibilbidea eta lagungarriak ezagutzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena epearen barruan ematea. Izan ere, ekainaren 25ean ginkana egiteko informazio dena bidaliko zaie inskribatutakoei, tartean parte hartzaile bakoitzari egokituko zaion ibilbide zehaztua eta aurkitu beharreko elementuen zerrenda. Bakoitzak erabakiko du ekainaren 26tik 28ra zein egunean eta orduan igoko den mendira, dagozkion objektuen bila joateko. Aurkituko duen elementu bakoitzarekin selfie bat atera behar izango du eta amaitu ondoren, Bilboko Konpartsoi bidali, ekainaren 30a baino lehen. Konpartsok irabazleen berri emango dugu uztailaren 1ean. Ginkanak sari bi izango ditu, biak zozketaz: Kalderapeko tabernan afaltzeko edo bazkaltzeko txartela, objektu denak topatuko dituztenen artean; eta gerora jakinaraziko sari herrikoia, parte hartzaile denen artean.

Osasun-neurriak

Aahalegin handia egin dugu jende-batuketak ekiditzeko neurriak hartzen. Hala, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu dute, parte-hartzaile bakoitzak gurago duen unean egiteko, gainera. Hiru zirkuitu ezberdin prestatu dira, eta hasiera eta bukaera puntuak ezberdinak izango dituzte, inolako puntu estatikorik gabe.

izena eman nahi dut

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude