Aste Nagusirako atzera kontaketa ostegunean ospatzera deitu dugu Bilboko Konpartsok

Bilbo, 2020/04/20

Bilboko Konpartsok deitu dugu ostegunean, apirilaren 23an, ospakizun ekimena burutzera, aurreko egunean lau hilabete faltako direlako Aste Nagusiaren hasiera-datarako. “Badator Marijaia!” abestia aitzakiatzat hartuta, hainbat proposamen egin dugu nork bere etxean 19:00etan egin eta #AsteNagusia2020 traolarekin sareetara zabaltzeko. Bilboko Konpartsok bat egin dugu kulturgintzak deitutako greba digitalarekin; horregatik ekimena atzeratu dugu 22tik 23ra.

“Goxa eta erlojua ez ei doaz batera; bata edo bestea zoratu egin da”. Horrela dio Edorta Jimenezek eta Kepa Junkerak 1997an sortutako “Badator Marijaia!” kantak, ordutik milioika bilbotarren, euskal herritarren eta bisitarien bihotzak piztu, poztu eta puztu dituena, dantzarako bulkada kontrolaezina eta aldaka-hausturak nonahi eragiten. Gaur egun ere, antzekoa da egoera: munduko jairik onenak gozatzeko inoiz baino gogo handiena izanda ere, konfinamenduan asteak pasa ahala irudi lezake gero eta urrunago daudela gure festak, baina ez da horrela.

Lau hilabete besterik ez da falta, ospatu dezagun!
Egutegiak dioenaren arabera, “Aste Nagusi bakarra munduan” abuztuaren 22tik 30era egitekoa da aurten. Beraz, asteazkenean, apirilaren 22an, lau hilabete faltako dira “uger, uger, Bilboko uretan, Mari, Mari, Marijaia” etortzeko.

Horregatik, Bilboko Konpartsok deitu dugu datorren ostegunean, apirilaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, “Badator Marijaia!” abestera edota dantzatzera; Marijaiaren jarrera imitatzen besoak altxatzera; zapia, konpartsen elastikoa, Aste Nagusiko kamiseta edo auzoko jaietako arropa janztera; txupina botatzera; nork bere gogoko edaria edalontzi berrerabilgarrian edatera… eta Aratusteetan esan genuenez, “une horiek guztiak malkoak euritan bezala denboran galdu ez daitezen”, sare sozialetan egindakoa partekatzera, #AsteNagusia2020 traola erabiliz. Modu berean, Aste Nagusian bizi izandako une magikoak zabaltzera gonbidatzen dugu konpartsek, #AsteNagusia2020 traola ipinita.

Denok gaude gonbidatuta ekimen horretan parte hartzera: bilbotarrak, bizkaitarrak, euskal herritarrak, munduko biztanle denak eta infinitua eta haratagokoak ere; neskatoak, agureak, helduak, emakumeak*… denak gura ditugu protagonista.

Ekimena, edonondik egin daiteke: nork bere balkoian, etxean, egongelan, logelan, lorategian, telelaneko bulegoan, lantegian edo ganbaran. Garrantzitsuena da “zapia lepoan, alkar hartuta, kolore guztiak, dantzetan” bertsoek aspaldidanik eman dizkiguten alaitasuna eta kemena irudikatzea, gogora ekartzea eta auzokideekin eta munduarekin partekatzea.

Informazio eskaseko eta ziurgabetasun handiko garai hauetan, desiratzen dugu “abuztuan danok, zahar eta gazte, gizon eta andre, jaietan” bertsoak beste behin ere errealitate bilakatzea. Izan ere, horretarako telelanean gabiltza egunotan ehunka konpartsakide, unean-uneko osasun-irizpideak jarraitzen.

Kulturgintzak deitutako greba digitalarekin bat
Zergatik Aste Nagusirako lau hilabeteko epemuga 22an bada, ekimena 23an izango den? Bada, Bilboko Konpartsok bat egin dugulako kulturgintzak apirilaren 21erako eta 22rako deitutako greba digitalarekin. Kulturgintzan.eus webgunean kultura munduko 800 pertsonak eta eragilek zabaldutako manifestuak dioenez, egun horietan Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia egin dugu eta, beraz, kontraesankorra iruditu zaigu jaiei lotutako edukiak egun horretan sareratzea eskatzea. “Ikus gaitzazuen desagertuko gara; entzun gaitzazuen isilduko gara” goiburupean, grebaren helburuak dira kulturgintzari buruzko gogoeta eta eztabaida soziala eragitea, premiazko neurriak exijitzea, eta euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugunon elkargunea antolatzen hastea.

Modu berean, Bilboko Konpartsen Federazioak besarkada bero bana eta esker ona bidali diegu artistei, kultur langileei eta beste kultur eragileei, 1978tik hona beti euren onena eman eta Aste Nagusia gaur egun dena egiten lagundu dutelako.

Garai hauetan, gure maitasuna eta esker ona helarazi diegu ere osasun-langileei, zahar-etxeetako langileei, zaintza-taldeetako kideei, suhiltzaileei, banatzaileei, dendariei, postariei eta ezinbesteko lana egiten dutenei, baita langabezian geratu diren guztiei ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude