Kopla Txikien Lehiaketak estreinatu ditu Bilboko Aratusteak, musika, mozorro eta ironiaz beterik
Mozorroz jantzi da Kafe Antzokia, Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan
Ehun eta berrogeita hamar parte-hartzaile baino gehiagok girotu du gaur Abandoko Kafe Antzokia, Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketa berriaren seigarren edizioan. Hirugarren aldia da koplen norgehiagoka euskal gune horretan egin dena. Oholtzatik “Zaldibar argitu!” leloarekin bat egiteaz (bideoa) gain, barreiatu dituzte ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez ere, umore dosi handiak; hala, Bilboko Aratusteen osagai nagusiak musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarrien sorta ederrekin nahastu dituzte. Jai-batzorde mistoarentzat ohorea izan da honako sariak ematea:
Lehen saria: Hontzak, “Bibolina jotzen” kopla abestuta. Letra hemen (pdf) topa dezakezue.
Bigarren saria: Sin Kuartel.
Hirugarren saria: Altxaporrue.
Mozorro onenei saria: Txori Barrote.
Animazio onenari saria: Emana.
Aurten jorratutako gaien artean honakoak nabarmendu dira: Bilbo turismora bideratzeko estrategien kalteak; euskal presoen etxeratzea; lan behin-behinekotasuna; klima-aldaketa; iraultzarako deiadarra; klitori-kontsolagailuak; antolamendu feminista; sexu-askatasuna; “euskal oasia”-ren ustelkeria; eta ertzain sartzeko kanpaina.
Bilboko Aratusteetako kopla txikiek 505 urte bete dituzte, gutxienez. Izan ere, 1515. urtean dokumentatuta daude lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri baitzion, orduko kritiken eta sarkasmoen berri emanez.
Aratuste asko geratzen da oraindik
Kopla Txikien Lehiaketa pasatu den arren, otsailaren 25era bitartean Bilboko Aratusteetako ekitaldi asko ospatuko dira, etorkizuna gaia hartuta. Jai-batzorde Mistoak prestatutako egitarau zabalean honako hauek nabarmendu daitezke:
- Domekako pontxe- eta torrada-txapelketa.
- Eguen gizeneko Plaza Barriko kontzertua.
- Bariku meheko eskolen desfilea eta Farolin eta Zaranbolasen epaiketa.
- Aratuste-zapatuko Bilboko erdiguneko egun osoko festa: sukalde erraldoia, Euskal Herriko Aratusteetako dantza tradizionalak, umeentzako tailerrak, kontzertuak, herri-bazkaria, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta abar.
- Sabelak epeltzeko sasoi betean dauden bertoko indaben domekako txapelketa.
- Asteleheneko Plaza Barriko familientzako kontzertua.
- Martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogun agurra”.