Bilbon Aratuste-giroa zabaltzen hasi da, Farolin, Zaranbolas eta kartela aurkeztuta
Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizkidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak eta Bilboko Konpartsen ordezkariek gaur goizean aurkeztu dituzte Bilboko Aratusteetako Farolin eta Zaranbolas pertsonaia kuttunak irudikatzeko Jaien Batzorde Mistoak hautatako pertsonak, hain zuzen, Ane Lindane sortzailea eta Joselu Angulo txistularia. “Bikoteak” hedabideekiko topaketa baliatu du jakitera emateko nola hartu duten esperientzia hau, zeinaren goreneko unea otsailaren 21a izango baita, 19:00etan, itxarondako unea, Farolin eta Zaranbolas atxilotu eta epaituko dituztenekoa. Aratuste-kartela ere aurkeztu dute.
Farolin eta Zaranbolas izateko Bilboko Aratusteen 2020ko edizioan. Aire berria ekarriko diote, dudarik gabe, hiriburuko urteko jairik ausartenari, zeina 15ettik 25era ospatuko baitira jarduerak Bilboko Uriko zoko eta auzo guztietan. Bilboko Udalak egitarau oparo bat prestatu du, umeentzako, familientzako eta helduentzako jarduerez betea…, era guztietako jendearentzat, eta euskarak ere leku nabarmena izango duelarik.
Jai Batzorde Mistoaren egitekoa da Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratzea: Farolin eta Zaranbolas. Batzorde horretan, Bilboko Udaleko, Bilboko Konpartsetako, Feekor elkarteko eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko ordezkariek parte hartzen dute.
Farolin, botxotar oso dotore bat
Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da – ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan-, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea nabarmentzen duen pertsonaia da, eta “Semper Plus Ultra” leloak (Beti haratago) laburbildu dezake bere ustea.
Dudarik gabe, Ane Lindane bilbotar sortzaileak ezin hobeto antzeztuko du Farolin aurten, alde guztietatik umorea dariola, Farolin onari dagokion legez. Hala izango da, ikusirik nola dibertiarazten dituen ezin konta ahala jende bere bakarrizketekin, han eta hemen ematen dituen ikuskizunetan. Esperientzia luzea du irrati esatari moduan, eta, hala ere, ez da hori eragozpen izan, baizik eta akuilu, aktore, argazkilari eta film laburren zuzendari bihurturik bidea egiteko. Tira, “festazale amorratua” berak hala aitortuta.
Zaranbolas, inbidia izateko moduko “gibel-handi” bat
Zaranbolas gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, Carpe Diemek laburbiltzen du bere bizi-lema.
Aurten, Joselu Angulok jokatuko du Zaranbolasen pertsonaia, gogotsu eta poz handiarekin. Santutxuko Gaztedi dantza-taldeko txistulari eta gaita jotzailea, Bilboko antzinakoena, eta taldeko presidente ere izana, eta baita ere Mairuek Gaztediko Erraldoiak taldeko kide eta Bilboko Gaiteroetako kide.
Espekulazioaren aurkako alegatoa
Gaurko aurkezpenean, espekulazioaren aurkako deia egin du Farolinek, Aratusteei begira: “Etxeen jabeak: Bilboko okupek zuen etxeak okupatuko dituzte, hutsik badaude”. Era berean, Lindanek nabarmendu du emakumeak, profesionalki aktore eta dantzari izateaz gain, askoz gauza gehiago ere izan daitezkeela, bizitza sozialaren erdigunean dagokien lekua aldarrikatzen. Joselu Angulok, berriz, nabarmendu du Gaztedik, Bilboko Gaiteroek, Mairuek erraldoiek eta beste folklore-talde batzuek Bilboko kulturari egindako ekarpena.
Aratusteetako kartela
Jai Batzorde Mistoak aurtengo Aratusteetako kartela ere aurkezteko aprobetxatu du aukera. Konpartsek prentsari azaldu diotenez, aurten Jai Batzorde Mistoak ez du ohiko kartel lehiaketa antolatu, eta ez da horren inguruko prentsa ekimenik izan. Izan ere, diotenez, “Aratusteekin bat ez datozen udal kontabilitateari lotutako arazo burokratiko eta aspergarriek saihestu dituzte”. “Beraz, aurten prozesu parte-hartzaile hori gabe geratu gara”, kexu zen Julen Larrea BKko ordezkaria. “Baina Bilboko Jai Arloak, Bilboko Konpartsek eta baita Bilboko Jai Batzorde Mistoak ere konpromisoa hartu dugu datorren urtean lehiaketa parte-hartzaileari berriro ekiteko”, azaldu du. Bitartean, “espero dugu aurtengo ediziorako Bilboko herritarrei oparitutako kartela gustatzea”, amaitu du, Bilboko Konpartsek emandako kartela erakutsita.
Epaiketa mamitsua
Farolin eta Zaranbolasen arteko epaiketa jai ospakizun bat da, 1984an sortua, usadioko eta baserri giroko aratusteetako elementurik esanguratsuenetako bat sartzeko ospakizunetan, alegia, urtero-urtero “gaiztoak” epaitzen zirenekoa. Gure urian, gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasunaz trufatzeko.
1984an asmatu zituzten Jaien Batzorde Mistoko kide batzuek pertsonaia horiek, Bilboko Aratusteen ikur bereizgarri bakarra. Farolinen eta Zaranbolasen kontrako epaiketa herrikoiaren abiaburua, gaur egun, haiek Udaletxean atxilotzen direneko unea da. Guardek jagonik zelda batean, Plaza Berriraino egiten zaie lagun, kalejira batekin, eta han izaten dira epaituak eta kondenatuak.