San Tomasen egutegiak salduz lortutako dirua eta egun horretan zozkatutako saskia banatu dugu
Zozketa egin genuen Bizkaiko baserritarren egun nagusian, San Tomas azokan eta, 3242 zenbakidun irabazlea hilabeteko epean agertu ez denez, ordezko 2736 zenbakiaren jabeak, Ibai Gartziak, jaso du sariaren txerriki eta ortukari sorta ederra. Zozketan bildutako dirua Bilbo Zaharreko Kidekoop elkarteari eman diogu, lehen sektorea hiriko ekosisteman txertatzeko egiten duten lana aitortzeko.
Adiskidetasun giro politean eta jan-edanaren epelean banatu genuen atzo San Tomas egunean zozkatutako otzara ederra eta 2020rako egutegien salmentan lortutako dirua.
Esan bezala, irabazle suertatutako 3242 zenbakia ez da agertu eta, hilabeteko epea amaituta, 2736 ordezkoari esleitu zaio saria, Ibai Gartziari hain zuzen ere. Laborek eta Basatxerrik ekoiztutako ortuari eta txerriki gozoek osatu dute saria osatzen duten bertoko produktuen sorta ederra.
Era berean, atzoko ekitaldian, egutegien salmentarekin jasotako 957 euroko txekea entregatu genion Kidekoop elkarteari.
Konpartsok aukera honekin berretsi genuen San Tomas egunean gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura-eredu berri baten aldeko apustua. Izan ere, Kidekoopen helburua da Bilbo Zaharrean eta inguruko auzoetan elikadura-burujabetza bultzatzea. Horretarako, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean bidezko harremanak eraiki eta beste eredu sozio-ekonomiko baten aldeko apustua egiten dute. Bazkideei banatzen dizkien produktuetan, honakoak lehenesten ditu ekimenak: modu ekologikoan ekoitzitakoak, hurbilekoak, etikoak eta bidezko merkataritzakoak. Hala, jaten edo erabiltzen dituzten produktuetan gardentasuna bermatzen dute. Elkartean, parte hartzea ardatz garrantzitsua da, erabakiak modu horizontalean hartzen baitituzte. Bazkideen lan boluntarioa sustatuz, auzokideen harreman-sarea indartzen dabiltza.