Bilboko Konpartsen komunikatua azken eraso sexisten aurrean
Ostegun goizaldean jaigunean emakume baten aurka egindako eraso fisikoa dela eta, Bilboko Konpartsok erasoen aurkako protokoloa aktibatu dugu. Elkarretaratzean, honako komunikatua irakurri dute Bilboko Konpartsen ordezkariek:
Gaur, bigarrenez aktibatu behar izan dugu erasoen aurkako protokoloa Aste Nagusi honetan. Ostegun goizaldean gizon batek emakume bat fisikoki erasotu zuen berak ez zuelako lagundu nahi izan.
Larriki kezkatzen gaituzte nagusikeria matxistak eta harrokeria bortitzak. Emakumeak berekin joateari ezezkoa eman ostean erasotzailea indarrez atxikitzeko saiakera egin zuen eta erasotuak bere burua defendatu zuenean bortizki kolpatu zuen gizonak.
Nazkatuta gaude! Emakumeon borondatearen kontrako edozein ekintza edota geure baiezkoa behartzeko edozein ekintza biolentzia dira, eraso dira, delitu dira.
Geure bizimodua eta jaiak askatasunean bizitzeko geure aukerak baldintzatzen duten erasoez nazkatuta gaude. Bortxakeria eta kontrolean oinarritutako maskulinitateaz nazkatuta.
Ez zuk ezta beste gizonik ere ez gaitu isilaraziko.
Geu gara geure gorputz eta geure askatasunaren jabe.
Bortizkeriarik gabeko jai-gunea nahi dugu, emakumeok nahieran gozatuko duguna eta gizonek geure erabakiak errespetatuko dutena.
Erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde, erasorik ez erantzunik gabe!
Kalea, gaua eta jaiak ere geureak dira
Guk gozatu, zuk errespetatu eta hura zaindu!