Buru bat eta txapel bi
Gaurko txipiroi-lehiaketan, Txomin Meabe gamiztarra nagusitu da; hala, joan den astelehenean saltsa berdean egindako pataten txapelari batuko dio gaur zefalopodo gozoenak prestatzen lortutakoa. Bere ondoan, Pa… Ya konpartsa estreinatu da. Txapelak jantzi dizkiete Bea Sever pregoilariak eta Itsasne Núñez txupinerak, bere konpartsakideak saritzeko plazera izan duena.
Bongo Botrako musika-talde katalanak txosnetako bozgorailuetatik milaka aldiz esan digun bezala, egunero eguzkia ateratzen da, txipiroi hori. Hala, gaur goizean Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketako txipiroien probak atzean utzi du eguraldi goibela eta modu eguzkitsuan hartu ditu dozenaka parte-hartzaile Bilboko Areatzan. Lehiaketa orokorreko hirugarren proba horretan, 62 lapiko aurkeztu dituzte.
Txipiroiek beste lehiaketa bat estreinatu dute: Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festival edo BKAFF. Arrainen eta zefalopodoen lau probek osatzen dute lehiaketa hori.
Gaurko puntuazioak aurreko egun bietakoei gehituko zaizkie, eta, beraz, momentuz Txomin Meabe da jaun eta jabe sailkapen nagusian, eta zer esanik ez, BKAFFen. Halere, oraindik beste lau proba geratzen dira, aurten lehiaketa denek puntuatuko baitute Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketaren sailkapen nagusirako; igandean ezagutuko dugu irabazlea. BKAFFi dagokionez, zapatuan burutuko da azken proba, marmitakoa, eta egun horretan ezagutuko da arrainen sukaldari onena nor den.
Gaurko Sailkapena
Orokorra
1.- Txomin Meabe (Gamiz)
2.- Lau Haizetara (Bakio)
3.- Javier Uriarte (Fika)
4.- Koppi Bi (Astrabudua)
5.- Grupo Pensionistas de Bizkaia (Bilbo)
Konpartsena
1.- Pa… Ya
2.- Askapeña
3.- Komantxe
4.- Tintigorri
5.- Zaratas
Gaurko puntuazio denak arratsaldean zehar eskegiko dira Bilbokokonpartsak.eus webgunean.
Bihar Sukaldaritza Lehiaketak segituko du, bizkaitar eran prestatutako bakailaoaren probarekin.