Txomin Meabe da Aste Nagusiko arrain-sukaldaririk onena

Zipi eta Zape bikote aretarrak irabazi du gaur goizean Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketako marmitako-txapelketa, kategoria orokorrean; txapela ez ezik Kantauriko Marmitakoaren XII. bandera ere lortu du. Bitartean, Txomin Barullo konpartsak ere txapela lortu du gaur; batu duen hirugarrena izan da, patatak saltsa berdean eta bizkaitar erako bakailaoan ere nagusitu baitzen. Bestalde, Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festivaleko (BKAFF) proba puntuagarri denak amaituta, Txomin Meabek jaso du arrain eta zefalopodoen sukaldari trebeenaren makila. Sariak banatu dizkiete Bea Sever pregoilariak eta Itsasne Núñez txupinerak.

Gupidarik gabeko Eguzkiaren pean, Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketako marmitako-lehiaketan parte hartu dute dozenaka lagunek Bilboko Areatzan. Lehiaketa orokorreko seigarren proban eta Bilboko Konpartsak Arrain Fish Festivaleko (BKAFF) laugarren eta azkenean, 130 lapiko aurkeztu dituzte.

Eguneko sukaldaritza-lehiaketaz gain, gune gastronomikoan bestelako jarduerak egin dituzte: Mari Jaiaren Sudurra bikotekako ardo-dastaketan dozenaka lagun saiatu da sommelier-lanak egiten; bestalde, Eusko Labeleko mila hegaluze-pintxo baino gehiago banatu dute konpartsek Areatzan; kasu bietan, Hazi Fundazioari esker egin dituzte jarduerak. Bilboko Konpartsek antolatzen dute Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketa, eta BM da horren babeslea.

Gaurko mamitako-probaren puntuazioak aurreko egunetakoei gehituko zaizkie. Hala, oraindik azken proba geratzen da Aste Nagusiko Sukaldaritza Lehiaketaren sailkapen nagusirako: buztan-gisatua. Aurten lehiaketa denek puntuatuko dute; bihar, igandean, ezagutuko dugu irabazlea.

Gaurko Sailkapena

Orokorra

1.- Zipi y Zape (Areta)

2.- Motoklub Aiala (Zeberio)

3.- Pervis Estupiñan (Bilbo)

4.- Txoko Ganeko (Bilbo)

5.- Txomin Meabe (Gamiz)

Kantauriko Marmitakoaren Bandera

1.- Zipi y Zape (Areta)

Konpartsena

1.- Txomin Barullo

2.- Tintigorri

3.- Zaratas

4.- Bizizaleak

5.- Pa… Ya

 

BKAFFen sailkapen orokorra

1.- Txomin Meabe (Gamiz)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude