Aste Nagusia, historia apur bat

 

Aurretikoak…

Orain dela 23 urte gure neurri eta ezaugarriak dituen hiri baterako gertaera bakana jazo zen Bilbon. Hogetaka urte dutenentzat Aste Nagusia betikoa da, baina adin hori gainditzen dutenek ondo baino hobeto gogoratzen dituzte lehenagoko udak. 1977ko abuztuan (eta aurrekoetan) Bilbo basamortua zen. Hilabete horretan metatutako oporrek hutsik uzten zuten hiria, bilbotar gehiago zegoen kanpoan etxean baino, eta ondorioz, aste horretan ostalaritzak ere bat egiten zuen exodoarekin eta oporrak hartzen zituen.

Eta hilabete horretan Aste Nagusiak, esateko modu bat da, ez zuen ezelango oihartzunik izaten prentsan. Salbuespen izaten ziren ekitaldi isolatu batzuk, hala nola boxeo edo borroka askeko konbateak ibaian paratako balsaren gainean, edota Seccion Femeninako dantza erakustaldia. Barrakak, legendunen antzera, batetik bestera eramaten zituzten gero eta toki baztertuagoetara, Bilbo bigarren mailako plaza bilakatuz.

Zezenketa orokorrak eta probintzietako giran Bilbora heltzen ziren antzerki konpainia batzuk ziren jai aztarna bakarra.

…Hortik aurrera…

Luze joko luke 1978ko abuztuko gertaera guztiak azaltzea baina emaitza da, Aste Nagusia herritaratzeko ideien lehiaketa baten ondorioz, EMKren taldea, Txomin Barullo, nagusitzen dela eta jasotzen duela saria. Orduan, auzo elkarteen laguntzaz, eskatzen du saria ez geratzea lotan eta praktikara eramatea.

Auzokideen presioa garaile irteten da eta lehen Jai Batzorde Herrikoia izendatzen da. Proiektu horretan animazio taldeen sorrera aurreikusten da, konpartsa izenaz ezagutzen dena, batetik eta bestetik sortzen dira aldez aurretiko plangintzarik gabe eta irauteko asmo jakin barik.

Bi hilabete eta aurrekontu barregarri batekin eromenik ederrena antolatzen da, bizi izan genuenok egundo ahaztuko ez duguna. Arrakastak bertokoak eta auzokoak harritu zituen. Jovellanosek esan bezala: “euskaldunei ez zaie jairik antolatu behar, nahikoa da bide ematea haiek beraien kabuz antola ditzaten”.

Bilbon dauden herritar guztiak Arenalera eta Zazpi Kaleetara jaisten dira. Berria prentsan dago, albistea bolo bolo dabil eta exodoa hasten da, baina alderantziz.

… eta ondorioa

Konpartsak bildu ziren eta sortu zen, ezinbestez, Bilboko Konpartsen Koordinakundea. Aratusteak berreskuratzeaz gain, Aste Nagusiko ekimenari ekin eta, lehen udal demokratikoarekin batera, bigarren Jai Batzorde Herrikoia sortu zen.

Batzorde horretan zinegotzi bi egon ziren, Pedro Lopez Merino (PSOE) eta Santi Brouard (HB), konpartsen sei ordezkari, Bihotzean auzo elkartea, Bilboko antzerki taldeen ordezkari bat, Oskus! ume animazio taldea eta Haurrak… Beste hainbatek eskaini zuten haien laguntza baina ez ziren Batzordean egon. Urte horretan sortu zen, gero aldaketa batzuekin, gaur egunera arte heldu den jai egitarau eta eredua. 1979az geroztik Bilboko uda ez da berriz izango lehenago izan zena. Bilbotarrek oporrak gordetzen dituzte Aste Nagusirako, Bizkaia buru belarri sartzen da bere egunean fenomeno berria, eta egun tradizionala, den honetan ondoren azalduko ditugun ondorioekin.

1978-79ko ondorioak

  • Ostalaritzak sakela betetzen du abuztuan
  • Antzerkia Bilbon ez da berriz probintzietako biran dabiltzan konpainientzako geralekua, plaza garrantzitsu bilakatzen da (ez ahaztu tamalez desagertua dagoen Julian Vinuesa, berak aurreikusi baitzuen azkar Aste Nagusiaren bilakaera)
  • Barrakek leku bikaina aurkitu zuten eta Bilbora aparatu ikusgarrienak heltzen dira
  • Garraio publikoak bete beterik doaz zerbitzu berezi gero eta osatuagoekin

1978ko esperientzi zoroak bere eragozpenak ere izan zituen. Ez da alferrekoa orduko tiglatu makalak gero eta hobeto dauden egungo txosnekin alderatzea. Garbiketa eta higienean egon den aurrerapidea ere ez da ahaztu behar.

Ulergaitza da, ostera, lehen urte bietako hain oroimen ederra gordetzea, ia inork kolokan jarri ez zuenean jaien eredu ez garapena eta gaur egun, hainbeste hobetu denean, kolokan jarri nahi izana. Gehien bat Aste Nagusia erreferentzia denean bai estatuan zein nazioarte mailan, eta etortzen denean duela urte batzuk pentsaeziona zen beste lagun.

Gaur egun Konpartsek, jaien elementu dinamizatzaile gisa, parte hartzen dute Aste Nagusian ezezik urte osoan, Aratusteak eta beste ahaztu barik. Urte osoan lan dinamika polita daramate, bolondresen bidez jardunda, ilusioa eta sarritan ezagutza eta baliabide profesionalak ere guztiz desinteresatuan eskainiz.

Holakoak gara eta halan segituko dugu

Mahai-inguru honetan Aste Nagusiaren historia errepasatu dugu, bere sorrera bitxia eta hasierako urteak nolakoak izan ziren; jai ereduaren azalpena egingo da, nola antolatzen den Aste Nagusia, zer den eredu mistoa, zer diren konpartsak… Hainbat pasadizu eta irudi bitxi ekarriko ditugu oroimenera…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude