XIX. mendean baserritarrak Bilbora etortzen ziren, urtean behin, maizter moduan bizi ziren lurretako jabeari errenta ordaintzera. Betebeharra aprobetxatuz, saltokiak jarri eta beraien produktuak saltzen zituzten. Hiriko biztanleek, gabonen atarian egonik, aukera aprobetxatzen zuten kalitatezko jakiak eguberritarako erosteko. Santuarekin baino, errentak pagatzeko beharrarekin zerikusia du ohiturak, beraz. Apurka-apurka baserriko produktuak saltzeaz eta erosteaz gain, lagunekin edateko eta, oro har, ondo pasatzeko aukera bihurtzen joan zen San Tomas eguna.
Denborarekin, gauzak asko aldatu dira baina, abenduaren 21ean, San Tomas guretzat gabonetako oporren eta urte aldaketaren abiapuntua bilakatu da. Bistan da hau urte osoan Bilboko azokarik garrantzitsuena dugula bertoko produktuez gozatzeko. Eta, jakina, Bilboko Konpartsok, beti legez, gure izaera txirene eta parrandazalea kontuan hartuta, itzelezko jai horretan egon behar dugu. Hori dela eta, urtero ekitaldi sorta ederra antolatzen dugu San Tomasen, parte hartzeko eta jai-giroa zabaltzeko. Beti ere, gure baloreak hauek dira: herritarren partehartzea, pertsona guztien giroan sartzea eta dibertsioa modu osasungarrian eta berdintzailean. Hau da, mendeetako tradizioari ukitu modernoa gehitzen diogu.
Hurrengoak nabarmendu behar ditugu
– Konpartsakideok antolatzen dugun txosna, San Nikolas ondoan
– Indaba-jana, herritarra eta beganoentzako bertsioa ere baduena
– Egutegia (benetakoa, ez egun horretan banatzen diren beste batzuek bezalakoa); horrekin, gainera, Bizkaiko landei eta baratzei laguntza ematen diegu eta baserriko produktuen lote baten zozketan parte hartzen dugu
– Eszenatokian kontzertuak, bertsolariak eta beste ekitaldi batzuk antolatzen ditugu
Ikusten duzuenez, ahalegin handia egiten dugu denok ahalik eta ongien igaro dezagun egun horretan, hau da, Aste Nagusiko egun batean bezala, baina apur bat hotzago!
Beraz, ETOR ZAITEZTE ETA ONDO PASA 2024ko San Tomas azokan!
Hau da aurtengo kartela eta egitaraua:
10:00 Egutegien eta baserriko produktuen
otzararen zozketarako boletoen salmenta
10:00 Irrati saioa Bilbo Hiriaren eskutik
11:00 Txosnaren irekiera
11:30 Txikigunea
Plaza Barrian
12:00 Gune gastronomikoaren irekiera
Txerriki eta indaba banaketa
13:30 Bertso saioa:
Oihana Bartra
Unai Mendiburu
Aitor Etxebarriazarraga
Paule Loizaga
14:30 Gaiteroak
16:00 Zozketa
16:30 Dantza Plaza: TTIPIKA
19:30 Erromeria: GAUTEGUN
19:30 Bilbo Kantari La Bolsa eraikinetik