Aste Nagusiko erasoen aurkako ekimenak aurkeztu ditugu
Bilboko Konpartsen Federazioaren erasoen aurkako lantaldeak Aste Nagusirako prestatu dituen protokolo eta dinamikak aurkeztu ditugu gaurkoan, Areatzako kioskoan egindako agerraldian. Hauxe da, federazioaren izenean mintzatu diren Eneritz Enderikak eta Mikel Varelak irakurritako testua:
Aurreko Aste Nagusia amaitu zenetik, Bilboko Konpartsen federazioan lanean aritu gara gure hiriko jaietan edozein eraso jasaten duten pertsonei arreta eta zainketa egokiena eskaintzeko. Hori dela eta, eta iaz egindako lanaren ildotik, protokoloak eguneratu ditugu, eraso sexista, transmaribibollofoboen eta arrazista edo xenofobo guztiei aurre egiteko, konpartsakideen eta hainbat gizarte eragileren laguntzaz.
Aste Nagusia jai herrikoi inklusiboak dira. Bilboko Konpartsen federazioak iaz inprimatutako pegatinek aipatzen duten legez, “Ongi etorriak dira pertsona guztiak baina ez jarrera guztiak”. Ildo beretik, iragan urtean hasitako prozesuarekin jarraituz, aipatutako indarkeriez gain, ikusi ahal izango duzuen moduan, jai gunean zehar ipinitako banderatxoetan indarkeria mota gehiago ere salatu nahi izango ditugu.
Bestalde, erasoei buruzko kartela ikusgai izango dugu txosnetan eta jai gune osotik. Kartel horrek adierazten du konpartsak leku seguruak direla, eta, edozein indarkeria motaren aurrean, edonork, laguntza eske edozein txosnatara jo dezakeela. Lan horren guztiaren helburua zera da: jai-esparrua segurua dela bermatzea; erasotzaileei ongi etorriak ez direla jakinaraztea; ohartaraztea eraso bat bera ere ez dela erantzunik gabe geratuko; konplizerik nahi ez dugula azpimarratzea; eta argi uztea jarrera bortitzek, matxistek edo/eta oldarkorrek berehalako erantzuna jasoko dutela.
Guztiok jai herrikoiak giro osasungarrian goza ditzagun, ezinbestekoa da denon kontzientziazioa eta laguntza. Horretarako, elkar zaintza bultzatu nahi dugu. Konpartsakideak, bilbotarrak, langileak, bisitariak… elkar errespetatu eta babestu. Guztion ekintzetan eta jarreretan argi gera dadila!
Ildo horretatik, konpartsakideok pertsona guztiei eskatu nahi diegu begirunez joka dezatela une oro; izan ere, Aste Nagusia, eguna zein gaua izan, guztion gozamenerako da. Beraz guztiei zera eskatzen dizuegu: eraso bat ikusiz gero, babesa eskaini erasoa pairatu duen edonori eta txosnara hurbildu zaitezte laguntza eske. Bertan, gutariko norbait egongo da, ahalik eta era egokienean erantzuteko.
Zoritxarrez, argi dago azken urteotan gorroto-delituek gora egin dutela edo, hobeto esanda, horien salaketek eta ikusgarritasunak. Gizartea kutsatzen ari den gaitza da, eta guztion ardura da gorrotoa bukatzea. Horretarako, bakoitza bere pribilegioez erabat jabetu behar da, besteak epaitu aurretik.
Zentzu horretan, asteazkenean gertatutakoak argi utzi digu denok ez garela ongi etorriak. Askok jakin badakizue asteazken arratsaldean, ohi bezala, udaltzainainek mantero bati bere materiala lapurtu nahi izan zioten, eta indar neurrigabea erabiliz atxilotu zuten. Bilboko konpartsok salatu nahi dugu atxiloketa bera eta erabilitako bortizkeria. Jai eremua espazio segurua izatea bermatu nahi dugu eta ez dugu onartuko horrelako gertakizunik.
Guztion laguntzaz, jai guneko konpartsak eta txosnak leku seguruak bihurtuko ditugu, guztiontzat. Edozein motatako erasoak jasaten dituen edonork (izan eraso sexista, transmaribibollofobo, arrazista edo xenofobo, lodifobo, euskarafobo edo beste edozein eratakoa) jakin dezala txosnak babesa lortzeko eta erasoak salatzeko erabil daitezkeela.
Bukatzeko, Bilboko Konpartsok dugun lan feministaren barruan, aurten, bereziki azpimarratu nahi dugu Bilboko Mugimendu Feministarekin dugun saretzea eta elkarlana. Horren harira, bihar, gaueko 23:45ean, Arriagan hasiko den MANIFESTAZIO FEMINISTARA gonbidatzen zaituztegu.
Erasoak salatu, ez izan konplize! Gora gure jaiak, askeak eta anitzak!