Sardinaren hileta eta osteko erreketa Aratuste Martitzenean ospatzen da eta sinbolikoki Aratusteei agurra emateko modu bat dugu, jaietan zehar egindako grina gaizto eta pekatuekin bukatzeko eta Garizuma garbi hasteko modu bat hain zuzen. Egun, erlijioarekin lotutako esanahia galdu egin da, jaiarekin bakarrik erlazionatuz.
Plaza Barrian beilatoki bat egiten zaio sardinari eta ostean Alde Zaharretik prozesioan goaz Arriaga plazaraino, bertan erretzen delarik.
Parte hartzeko, Plaza Barrira hurreratu besterik ez duzu, beltzez jantzita, ‘noski’, eta apaindura gorriren batekin (kandelak, tulak) eta guk banatuko ditugun txokolatezko sardinak penak eztitzeko. Sardinarengatik negar malko ugari botatzeko eta ondo pasatzeko gogoak beharrezkoak dira baita.
Jatorria ez da oso argia eta hipotesi ugari daude. Hauetariko bat, eta zabalduena, antzina gularen pekatua baztertzeko asmoz okela lurperatzen zela. Bere itsuragatik sardina deitzen zioten txarri saiheski oso bat lurperatzen zen, eta denbora pasa ahala eta prezioen igoera zela eta, sardina bat erretzera pasatu ziren.
Beste hipotesi bat, Madrilgo XIX mendeko ikasle batzuei buruzkoa da. Hauek sardinari hileta bat antolatzea erabaki omen zuten Aratusteei bukaera emateko, elizak hain gustuko duen baraualdia eta abstinentziaren ikurra baita.
Pasadizo moduan aipatuko dugu, 2010ean, Bilbon sardinaren erreketa bi burutu zirela. Bata udalak antolatutakoa, Aratuste Domekan, eta bestea, ofiziala, ohi bezala martitzenean, non jendartea eta konpartsak batu ziren.
2024ko Sardinaren Hileta: Otsailak 13, astertea
Hasiera: Plaza Barrian, 19:00etan
Erreketa: Arriagan, 20:00ak inguru
Sardinaren abestia