Aratusteak Bilbon

ARATUSTEAK 2024

2024ko Aratuste egitaraua aurkeztu dugu. Aurtengo gaia LITERATURA izango da. Eskuratu hemen PDF formatuan egitarau osoa.

BILBOKO ARATUSTEEN HISTORIA

Alde batetik, historiagile baten ikerketan oinarritu izan gara hainbat ideia berreskuratzeko. Eta historian zehar, Aratusteei buruzko aipamen asko daudela agerian gelditu da: esparru juridikoan, 1430ean “Carrastolienda” eguna, salaketa batean ordainketa bat egiteko epe bezala agertzen da; esparru administratiboan, 1515ean Sindikoak hiribilduaren alkateari eskaera bat egiten dio: “Publikoa eta agerikoa da, hiribildu honetan koplak egin izan dituztela pertsona ondradu asko aipatuz, haien desohorerako eta izen ona zikinduz, eta algara, zalaparta eta txantxak ikertuak izan behar direla justizia egin bedi”. 1773an Santiagoko elizaren paperetan auto bat dago, non apaizei maskarak eta jantzi arraroak jantzita funtzio profanoetara joatea eta burla egitea debekatu egiten zaien, eta haien “boto sinodalak” gogorarazten dizkieten. Bestalde, badaude apaizei egindako hainbat ordainketa eta eroskeria Aratusteei ongi etorria emateko elizako kanpaiak jo zitzaten, sinesmen fededun guztien kontra.

Bilbon kolera pairatu zenean, 1856an, Aratusteak bizitza normalera itzultzeko balio izan zuen. Urte batzuk beranduago Guda Karlistetan, Bilbo gainean kanoikadak jaurti arren, Aratusteak ez ziren bertan behera utzi, eta jendeak dantzan eta abesten jarraitu zuen kalean.

1560an, Corpus Christi eta Aratusteak Udalak danbolinjoleei, txistulariei eta Momoei (hiribilduan agertzen diren lehen pertsonai bereziak) ordaindu zien jai bakarrak izan ziren, “Karnestolendak” animatzeko.

Aratusteen ospakizunetan aipatzen dira konpartsak lehen aldiz. 1515ean konpartsa batzuk “kopla txikiak” abesten eta txantxak egiten zituztela agertzen da jasota. Hiribilduaren kaleetatik ibiltzen ziren, dirua, txorizoa eta urdaia jasotzen zuten horren truke . Konpartsa horien musika-tresna bakarra ogi birringailu bat baino ez zen, metalezko koilara baten kontra joz eta abestuz erabiltzen zutena. Haiekin batera, gerora aipatuko ditugun pertsonaiekin, kaleak eta ibilbideak animatzen zituzten. XVIII. eta XIX. mendeetan zehar paper garrantzitsua hartu zuten konpartsek, aginteari zuzendutako hainbat idazkietan jasota agertzen delarik (udalari zein Gobernadoreari), konpartsak kalera abesten atera zintezen.

Urte askoren buruan, diktadura luzeak ez zuen Aratusteekin erabat bukatzea lortu, eta 1978an, Aste Nagusiaren etorrerarekin, bertan soberan egondako dirua erabiliz, erraldoi eta buruhandi berriak egitea erabaki zen. Une horretan garrantzi berezia hartu zuten Aratusteek, aurkeztuak izan baitziren. Historia inguruko ikerketa lana egin ostean eta bat-batekotasunarekin, Aratusteak berpiztu egin ziren, Atxurin hasita, Erriberan barrena eta Alde Zaharreruntz, antzinako prozesioen ibilbideari jarraituz, desfilea egin zen.

1979an Bilboko Urez betetako botila erraldoi bat diseinatu zen, eta bere kortxoa ateratzearekin Aratusteak hasten ziren, Aste Nagusian txupinak egin bezalaxe. Ideia hori hartuz bi botila sortu ziren; lehena egurrezkoa, udaletxean geldituko zena eta berriro ikusiko ez zena, eta bigarren bat, puzgarria, urterik urte gorde egiten zena. Baina instalazio oker baten ondorioz erre egin zen, eta jendeak ikuskizunaren partea zela uste izan zuen…

Urte hauetan, gaur arte diharduten bi pertsonaia jaio ziren: Farolin eta Zarambolas. Lehena Emiliano Arriagak idatzitako “Lexicón etimológico, naturalista y popular del bilbaíno neto” liburutik ateratzen da, bertan Farolin pertsona harroputza, bilbotar ahoberoa eta zirt edo zartekoa. Bigarrena Zarambolas da, pertsona patxadatsua eta nori denak berdin zaiona. Bi pertsonaien betebehar nagusia epaituak izatea zen, baina ez horregatik ez dute izaera txarra edo ezkorra. Biak berdinak dira, baina bi bilbotar mota irudikatzen dute.

Historian zehar bilatzen, Bilboko Aratusteetako mozorro tipikoak berreskuratu ditugu: Momoak, Fraiskuak, Higiak, Hartza, Turkiarra eta Beata mozorroak. Hauek guztiak beti musikaz lagunduta agertzen dira liburuetan: txistu, danbolin eta dultzainekin.

2015eko-aratusteen-aurkezpena

2015eko Aratusteak bereziak izan ziren. Lan mardul eta polita egin ostean, emaitza itzela eta proposamen erakargarri bat asmatu genuen Bilboko Jai Batzorde Mistotik, aurretik Bilbon Aratusteen inguruan bizi izandako banaketa gaindituz eta aro berri bat zabalduz.

KONTSENTZUZKO ARATUSTEAK

Etorkizunari begirako urrats garrantzitsua eman genuen orduan. Bilboko historia berreskuratzen hasiak ginen egungo errealitatean oinarrituz eta etorkizunari begiratuz. Inauteri parte hartzaile eta inklusiboak lortzeko bidean lehengo pausuak eman genituen.

Hainbat aditurekin harremanetan jarri ginen, lagun askorekin ideia berri hau elkarbanatu genuen, eta guztion artean osatzuz eta landuz; ekarpenak eta esperientziak batuz Aratuste eredu berria plazaratu genuen.

Kaleko kopla tixikiak berreskuratu genituen, Farolin eta Zaranbolasen antzinako epaiketa berriz ikusteko aukera izan genuen eszenatoki ikusgarri batean. Antzinako Bilboko mozorro tipikoak eta “Bilboko ura”z betetako botilla erraldoia Bilboko kale nagusietan ikusi genituen. Halaber, kaleak mozorratzea eta apaintzea lortu genuen, honek giro itzela ekarri egin zuela ezin ukatu.

Beraz, urteetan zehar Bilboko Aratusteei buruz zabaldu ziren hainbat mito ezabatu genituen: ez gara txepelak, beti izan ditugu gustuko txantxa eta parranda, eguraldi txarrak ez ditu inoiz inauteriak gelditu, ezta gudek ere, eta are gutxiago izurriteek!

Proposamena arrakastatsua izan zedin, guztion parte hartzea ezinbestekoa zen. Beraz, hona hemen gure orduko eta oraingo deialdia:

Mozorrotu eta disfrutatu Bilboko Aratusteetan! Eguraldi txarra, izurrite eta guden gainetik, GORA BILBOKO ARATUSTEAK!

Bilboko Aratusteei buruz zenbat dakizun frogatu nahi? Hona hemen Bilboko Aratusteen Lehiaketa!

Nondik datoz Euskal Herriko inauteriak?

Galdera hauei erantzuten saiatzen dira Ibaizabal Telebistaren erreportaje honetan: