Ezaugarriak
Euskara hutsez Abandon garatzen ditugu jai eta kultura jarduerak, bai, Bilboko erdigune erdaldunduan. Zergatik ez? Ez dugu ghettorik nahi euskararentzat. Gure hizkuntzan bizi nahi dugu, normaltasunez, Bilbo osoan eta baita Euskal Herri osoan ere; ikasten ari direnak, aspaldi ikasitakoak eta euskaldunzaharrak ere harremanetan jarriz. Egun ez dugun egiazko ofizialtasunaren zain egon barik gaurdanik euskaraz biziz eta jende berria euskararen mundura erakarriz lortu nahi dugu gure hizkuntza-komunitatea indartzea.
Bilboko Aste Nagusian gure txosnaren topagunean agertokia jartzen dugu. Bertan, kontzertuak, jolasak, euskal dantzaldi eta kantaldiak, haurrentzako ekitaldiak… antolatzen ditugu. Euskara ikasleen eguna, Nafar eta Iparralde eguna eta Bertso eta Trikitixa egunean herri bazkariak ere.
Urtean zehar bestelako aktibitateak: Santa Ageda kantuan, Inauteri Jaia, Udaberri Jaia Albiako Lorategietan (azken urteotan udalak baimena ukatutakoa), beste konpartsekin Santomas eguna, inauteriak, konpartsakide eguna… Urtean zehar elkartasunezko harremanak eta jaiak, mendi-irteerak, beste herrietako jaietara zein ospakizunetara (Maskaradak, Herri Urrats, Sanferminak, Korrika…).
Janzkera
Kamiseta urdina, aurrean Pellot itxas-lapurraren irudiarekin, “Jende libreen herri askea” leloarekin.
Historia
1994an sortu genuen konpartsa, Gabriel Aresti euskaltegiaren ekimenen inguruko jaietan lehenik, Zenbat Gara elkartearen inguruan gero, garatzen eta sustraitzen etorri da Algara.
Euskaldunok elkartu eta festetan euskaraz gozatu ahal izateko helburuarekin, Aste Nagusian euskal gune berezia errotu dugu Bailen kaleko Naja gunean, Areatzako zubi ondoan. Lehen ilun eta zikina zen kalea orain gune bizia da jaietan. Ahalegin handia egin dugu urteotan kontzertu eta ekitaldien programazio propioa eginez.
Informazio gehiago
Done Bikendi 2, 4. solairua