Txosna itxura hartzen hasi da Bilboko Konpartson urte osoko lana

Gaur, Bilboko Aste Nagusirako zortzi egunetara, txosnen muntaiari ekin diogu Bilboko Konpartsen federakundea osatzen dugun konpartsok. Eta 2019ko edizio honetan, jai-ereduari eta
Aste Nagusirako prestaketari erreparatu diogu, jai feminista, euskaldun, herrikoi, parte-hartzaileak aldarrikatuta, eta girorik onena izango duen Aste Nagusia helburu.

Aste Nagusiaren jai-eremua eraikitzeko lanak hasi berri ditugunean, Bilboko Konpartsetako kideok aurkezpena egin dugu gaur Bilboko Areatzan.
Aste Nagusia benetan nagusia izan dadin errezetaren lehen sekretua espazio komun bat da, guztion artean eraikia dena. Jai-eremua Arenalean hasi eta RIPAko kaia hartzen du barne, eta han kokatzen dira Bilboko Konpartson txosnak eta konpartsetatik eraikitzen den jai-programazio aberats, anitz eta askotarikoa, Bilbotar guztiontzako eta abuztuko aste horretan Bilbora gerturatzen diren pertsona guztientzako 550 ekintzatik gorako programa zabala.

Aste Nagusirako azpiegiturari dagokionean, muntatzen ditugun, 150 tonatik gora “mekanotubo” ere badira errezetaren osagai; gehi 1.200 metro koadro lona, egurrezko 1.500 panel baino gehiago eta 1.100 inguru litro margo.
Horiek errealitate bihurtzeko lan boluntarioa ere giltzarri dela adierazi dugu; izan ere, milaka lanordu egiten dira 28 konpartsetako 400 pertsonatik gora ibiliko baikara Aste Nagusirako aurrelanetan ia hamar egunez, urte osoko lana ere ahaztu gabe. Hain zuzen ere, urtean zehar egiten ditugun bilerak ehunka zenbatu daitezke, eta koordinaziorako eta eragile guztien inplikaziorako orduak, milaka.

Bilboko Konpartsetatik jaiak jai izateko muin diren 550 ekintzatik gora antolatzen ditugu; horiek diseinatu, antolatu eta Bilbotarrek ekintzak modu erosoan egin ahal izateko eta ekintza horiek
gauzatzeko, espazio- eta azpiegitura-aurreikuspen, eta lanak barne. Eta Aste Nagusian bertan programatutako ekintzak burutzeko konpartsakideon lan boluntario gogotsua eta ilusioa nabarmendu dugu agerraldian.

Balioan ere jarri nahi dugu orobat erasoen aurka egiten den lana. Bai, jai herrikoien, parte-hartzaileen, euskaldunen eta feministen alde aritzen gara lanean urte osoan zehar, eta egun gutxi barru hasiko den Aste Nagusia horren guzti horren adierazlea izan dadila nahi dugu.

Jai-eremuan aldarte ona

Jai-eremua distentsio-gunea eta aldarte onaren isla izatea nahi dugu eta, aldiz, iaz, Udalak segurtasunari dagokionez abiatutako bidearekiko erabateko desadostasuna adierazi nahi izan diogu gaur.  Ez dugu bat egiten euren segurtasun-diskurtsoarekin ezta iaz ikusi genituen dispositibo polizial hain ugari eta presenteekin; segurtasuna ez da bermatzen jai- gunea poliziaz josiz, dispositibo beltz, fosforito eta kopetilunak ez dio jai-giroari mesede egiten. Jai-giroan eragin negatiboa dauka, jendearengan ezinegona ere sorrarazten duelakoan gaude.

Hala, jaietako espazioa eta giroa zaintzeko bestelako bideetan sakontzeko beharra azpimarratu dugu, eta jendarte-lan sakonagoa behar dela.
Danaren gainetik, Bilboko Konpartsetan festa egiteko gogoa gailendu egin da; berriro ere hainbat eta hainbat konpartsakideren lanordu boluntarioak eta milaka pertsonen ezinbesteko parte-hartzean fokua jarrita. Hori baita gure helburua, Bilbo kolorez janztea, munduko onenak diren festak egiten.

Eta  Marijaia Arriagako balkoira irtengo denean, txupinaren soinuarekin batera, txiki zein nagusi, denok bat egingo dugulako, ahots batez: Gora Aste Nagusia! Gora Mari Jaia!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude