Amaitzear daudela ere, bor-bor ditugu aratusteak
Udaberri giro beroa izan zen atzo Bilboko Plaza Barrian, mozorroak eta sasoiko produktuak nahasi zituen Aratusteetako Indaba Lehiaketan. Eguraldia lagun izan zuten Plaza Barrian indabak prestatzen aritu ziren indaba lehiaketaren taldeek. 66 putxera eta lapiko aurkeztu ziren eta giro itzela egon zen atzoko igandean Jaietako Batzorde Mistoak antolatutako lehiaketa gastronomikoan.
Epaimahaian parte hartu zuten Farolin eta Zaranbolas inauterietako pertsonaiek, eta buru-belarri aritu ziren eguerdian, lapikoak banan-banan dastatzen eta baloratzen. Putxerak izan ziren aurkeztutako gehienak, bestelako lapikoak ere onartzen ziren arren, eta, Bilboko Konpartsen webgunean argitaratutako oinarrien arabera, askotariko indabak onartzen ziren (zuriak edo verdinak izan ezik). Aurtengo eguraldi onari erreparatuta, indabak negurako ez direla egiaztatu ahal izan dugu. Zaila egin zitzaien ebazpena ematea, aurkeztutako lapiko guztien osagaiak bertokoak eta kalitate onekoak baitziren, baina hauek izan dira aurtengo indaba
lehiaketaren irabazleak:
OROKORRA
Lehen saria: Txoko Sope.
Bigarren saria: Kaliko Elektriko.
Hirugarren saria: Aita Nabarro.
KONPARTSAK
Lehen saria: Txomin Barullo
Bigarren saria: Zaratas.
Hirugarren saria: Altxa Porrue.
Aratuste gehienak igaro diren arren, oraindik ezin ditugu mozorroak armairuan gorde. Gaur, astelehena, umeentzako ekintzak eta familientzako kontzertua izango ditugu Plaza Barrian; eta asteartean, nola ez, negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra, Arriaga Antzokiaren aurrean.