Kopla Txikien Lehiaketak estreinatu ditu Bilboko Aratusteak, musika, mozorro eta ironiaz beterik
Mozorroz jantzi da Kafe Antzokia, Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan.
Ehun eta hogei parte-hartzaile baino gehiagok girotu zuen atzo Abandoko Kafe Antzokia, Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketa berriaren bostgarren edizioan.
Bigarren aldia da koplen norgehiagoka euskal gune horretan egin dena. Oholtzatik barreiatu dituzte ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez ere, umore dosi handiak; hala, Bilboko Aratusteen osagai nagusiak musika, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarrien sorta ederrekin nahastu dituzte. Jai-batzorde mistoarentzat ohorea izan da honako sariak ematea:
• Lehen saria: Potojorran-Algara taldea, “Gora The People” kopla abestuta (letrara lotura PDFn).
• Bigarren saria: Hontzak.
• Hirugarren saria: Txori Barrote.
• Mozorro onenei saria: Zaratas.
• Animazio onenari saria: Sin Kuartel.
Aurten jorratutako gaien artean honakoak nabarmendu dira: Bilbo turismora bideratzeko estrategien kalteak; ultra-eskuinaren hazkundea; pentsionisten aldarrikapenak; euskal presoen etxeratzea; Justizia heteropatriarkala; Kaskagorriren 30. urtebetetzea; Zorrotza auzoaren balioak; eta Mozal Legea.
Bilboko Aratusteetako kopla txikiek 504 urte bete dituzte, gutxienez. Izan ere, 1515. urtean dokumentatuta daude lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna igorri baitzion, orduko kritiken eta sarkasmoen berri emanez.
Aratuste asko geratzen da oraindik
Kopla Txikien Lehiaketa pasatu den arren, martxoaren 5ra bitartean Bilboko Aratusteetako ekitaldi asko ospatuko dira. Jai-batzorde Mistoak prestatutako egitarau zabalean honako hauek nabarmendu daitezke:
• Domekako pontxe- eta torrada-txapelketa.
• Eguen gizeneko Plaza Barriko kontzertua.
• Bariku meheko eskolen desfilea eta Farolin eta Zaranbolasen epaiketa.
• Aratuste-zapatuko Bilboko erdiguneko egun osoko festa: sukalde erraldoia, Euskal Herriko Aratusteetako dantza tradizionalak, umeentzako tailerrak, kontzertuak, herri-bazkaria, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta abar.
• Sabelak epeltzeko sasoi betean dauden bertoko indaben domekako txapelketa.
• Asteleheneko Plaza Barriko familientzako kontzertua.
• Martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogun agurra”.
Argazki bilduma
Bideoa