Bilboko Aratustearen 2019ko superprodukzioaren programazioa aurkeztu dugu gaur
2019ko otsailaren 20a
Aratusteen egitarau zabalaren aurkezpenean, film estudio handi gisa irudikatu dugu Bilbo Jai-batzorde mistoko kideok. Bederatzi egun iraungo duen superprodukzioan, bilbotarrok pelikula osoa antzezteko gonbitea bota dugu BilbaoArten egin den aurkezpenean.
Zapatu honetatik, otsailak 23, martxoaren 5era bitartean, Bilboko Aratusteak ospatuko dira. Jai-batzorde mistoak gaur egin dugun agerraldian azaldu dugunez, Bilbo hiriburu zinematografikoa dugu, filmak bertan girotzeko zinez aproposa, eta datozen egunetako aratusteotan film estudio handia bilakatuko dira botxoko kaleak. Gaurkoan soilik trailer txiki bat ekarri dugu, BilbaoArten egin den aurkezpenera, eta argi utzi nahi izan dugu bilbotarrok antzeztuko dutela pelikula osoa.
Jai Batzorde Mistotik lokalizazioak eta argiztapena jarriko dugu eta “3, 2, 1, … akzioa!” oihukatuko dugu. Beste guztia Herritarroi dagokizue; izan ere filma honetan herritar figuranteak baino, denak protagonista izatea gonbitea luzatu dugu gaurko prentsaurrekoan.
Bederatzi egun iraungo den superprodukzio honen lehen zatia musikala izango dela azaldu dugu, izan ere, Kopla Txikien V. lehiaketa zapatu honetan izango da Kafe Antzokian, otsailaren 23an, arratsaldeko 20:00etan. Kantuz, umorez, satiraz eta mozorroz beteriko ekitaldia, guztiontzako irekia eta doakoa, eta, amaiera gisa, Anita Parker-en doako kontzertua izango da bilbotarron gozagarri.
Eguen Gizenean, otsailaren 28an iluntzean, iluminazio-efektuak piztearekin bat, Fritanga Elektrotxarangak Zazpi Kaleak girotuko ditu eta, ondoren, Itzalak taldearen kontzertuekin jarraituko du jaiak Plaza Barrian. Ostiral mehea, antzinako Bilboko mozorro tradizionalak janzteko eguna da, eta Farolin eta Zaranbolasi epaiketa egingo zaie. Abokatu, epaile eta akusatuek aurre egin beharko diote thrillerraren eta komediaren arteko istorio honi; hain zuzen ere, konpartsetako aktore amateurrak daude jo eta su libretoaren entseguak egiten, guztion gozamenerako. 19:30ean gertatuko da, Plaza Barrian. Etxean egun horretarako atrezzo propioa prestatzera animatu dute jendea, nork bere pertsonaia gustukoena hautatuta: fraisku, hartz, higi, momo, monja nahiz turko jantziak prestatuta.
Aratuste Zapatua da superprodukzio honen bihotza eta egun nagusia. Egun osoz, kalera ateratzeko, bilbotarrok, kuadrillok, konpartsok sortuko ditugun dekoratu, eszena eta sekuentzia izugarrietan murgiltzeko aukera paregabea. Aratustea definizio handian, hiru dimentsiotan eta rol protagonista izanda bizitzeko aukera. Aratusteak Bilbo erdia hartuko du bete-betean; eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:30era; festa besterik ez! Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da eta eguna jai gunean ematen duten aktore nekaezinentzako herri bazkaria prestatuko da Albiako karpan.
Hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu da inguru horretan egongo diren hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorro kalejira-lehiaketa… Aurtengo berrikuntza da Bilboko bost dantza taldek Euskal Herriko aratusteetako dantzak eskainiko dituztela, gunea hartuko duen kalejira-emanaldian. Bakoitzak herri esanguratsu bateko inauteri tradizionalak aukeratu eta Bilbora ekarriko dituzte, beren dantza, musika eta pertsonaiekin. Eta Plaza Biribilean izango da jai gunearen itxiera ikusgarria: 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla kantatuko da, atzera kontua egin eta… efektu berezietan bereziena, botila erraldoiari kortxoa kentzea!
Bestalde, agerraldian argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik: Aratusteetan ere festa aske bizi nahi dugulako, ez dugu emakumeon aurkako erasoa mozorro artean ezkutatzen duenik onartuko, ez dute lekurik gure film honetan! Kaleak, gauak eta jaiak geureak dira!.
Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertu nahi dugu. Superprodukzio honen kredituen zerrenda ez da laburra: gurekin ditugu produkzioan eta banbalina artean hainbat eta hainbat lagun. Oso argi dugu; Bilbotar guztion artean eraiki behar dugu, eta pozik esan dezakegu gure produkziora gehitu direla jada Bilbo erdialdeko eta Alde Zaharreko eragile asko eta asko: tabernari, dendari, auzo-elkarte… Eta nahaste zoro eta koloretsu horretan, aktore protagonista garrantzitsuenak zaratenok gonbidatu nahi zaituztegu gaur: kaleko jendea, gazte edo zahar, bilbotar peto edo bisitari, izan bidaiari edo errefuxiatu, danak zarete ongietorriak, guztion artean Bilboko Aratuste Handiak eraikitzeko.
Nabarmendu ditugun ekintzez gain, aski ezagunak eta ospetsuak diren igandeetako txapelketa gastronomikoak aurkeztu dituzte: pontxe eta torrada txapelketa, otsailaren 24an, eta neguko giroan sabelak epeltzeko, sasoi betean dauden bertoko indaben txapelketa, martxoaren 3an. Bariku mehean eskola-umeen desfilea izango da eta, astelehenean, familientzako kontzertua Plaza Barrian, Bilboko Udal Musika Bandaren eskutik. Eta martitzenean, negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra.
Superprodukzio honen gidoia, hau da, egitarau osoa jasoko duten liburuxkak eskuragarri izango dira taberna, udaltoki eta abarretan.