Eguzkipean ospatu dituzte Bilbotarrek inoizko aratusterik jendetsuena
Jai gunea zabaldu du berriz Bilboko Jai Batzorde Mistoak Bilboko erdigunean, eguzkia lagun bilbotar asko hurbildu ziren beren aratusteaz gozatzera eta parte hartzera, tradizio bihurtzen ari den eredu honen eskutik. Zapatuaz gain hainbat egun eta ekitaldi egon ziren bilbotar guztien gustua asetzeko.
Hirugarren urtez hartu du Bilbo Aratuste eredu bateratuak. Bederatzi egunetan zehar kaleak mozorroz, kolorez eta irriz bete dira inoiz izan diren aratusterik parte hartzailenetan. Batzorde Mistoak egindako ereduaren aldeko apustua egonkortzen dihoa zalantza barik eta, horren froga, aurtengo programazioan jaso diren ekimen anitzen arrakasta.
Aratusteak berotzen joan ziren kopla txikien soinupean, Bilboko tradizio hau 1515. urtean dokumentatua dago lehenengo aldiz, baina berreskuratu direnetik indartsu gaurkotu dira sasoi honetara. Sarkasmoz, ironia finaz eta kritikaz murgildu ziren bilbotarrak eta, horrela, osteguneko kontzertu herrikoietarako animatu ziren, Zabalguneko Eraikinean hasitako musika-giroa Zazpi Kaleetan zabaltzeko.
Eta horrela heldu zen barikua, Farolin eta Zaranbolasen egun handia. Prestu agertu ziren haien atxiloketara Las Tea Party DJ-ak, Farolinak, eta Plaza Barriko tabernaria den Jon de Miguel, Zaranbolas. Jarraian, antzinako pertsonaiez (Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko) inguratuta fanfarrearekin hurbildu ziren Plaza Barriraino. Bertan, epaiketa herrikoia jazo zen eta, han ziren hiritarrek parte hartu zuten eta errudun izendatu zituzten.
Urtero bezala, aurten ere gastronomia izan zen Aratusteen ildoetako bat. Guztien dastamenerako sasoiko platerak dastatu zitezkeen jada tradizio diren pontxe eta torrada eta indaba txapelketan. Baina ezin ahaztu aurtengo berrikuntza, larunbateko Kale Nagusiko gunean ohiko txorizo-pintxo, pintxo begano, berakatz-zopa eta barazki salda banaketaz gain, umeak sukaldearen tradizioarekin harremanetan jartzeko taloa eta ogia egin eta etxera eramateko tailerra.
Sabelak beteta, kolorez jantzita eta kopla txikiak buruan darrai heldu ziren Farolinak eta Zaranbolas topa egitera eguerdiko 12etan Plaza Biribilera Zapatu Erregularrari hasiera ematera. Aspaldi izan gabeko eguraldi ona lagun, jendez gainezka egon zen Bilboko erdialdeko aratuste guneak. Mozorro kalejiran konpartsaz gain, mozorro indibidualak eta talde mozorro ugari hurbildu ziren haien lana eta koreografiak erakustera. Bilbotarrek ikuskizunarekin bat egin zuten; Bilboko erdigunea hartu zuen mozorro jai herrikoiak.
Atzera kontua bukatzean eta guneari itxiera emateko, 1985. urteko berreskuratutako lehenengo kopla txiki irabazlea abestu zuten konpartsek eta bertan ziren hiritar guztiek, Garilak 26ko kideek lagunduta. Datorren urteari begira erronka gisa izango da, azkenik, Plaza Biribila Bilboko urez eta sorpresaz bustitzea deskortxearen eskutik. Ondoren, Lekittoko Deabruekin batera kalejira desordenatuan denak jaitsi ziren Zazpi Kaleetara, Santiago Plazan jarritako Bilboko urez beteriko iturria hustera.
Aste zoro honi amaiera emateko, Sardinaren ehorzketan su eta negar-anpuluz bete zuten Bilbotarrek Arriaga Plaza. Aurki bilbotarrak beren zereginetara eta egunerokotasunetara itzuliko dira, ahaztu gabe datorren urtean hemen izango ditugula berriz gure aratusteak nork nahi duena izan eta gozatzeko.