2016ko Aste Nagusiaren balorazioa
Eta beste urte batez, Marijaia, 9 egun ondoren Nerbiotik jaisten ikusi dugu. Baina aurten konpartsakideook ezin izan dugu malkorik sentikorrenak bota gure jainkosa desagertzen ikustean, gure gorputzaren likido guzti guztiak egun hauetan zehar isuri baititugu. Datu bat baino ez dugu bota behar Aste Nagusi honetako protagonista zein izan den ulertzeko: Bilboko Konpartsetako txosnetan iazko izotz kopuruaren bikoitza kontsumitu dugu aurten! Hor uzten dugu datu beldurgarri hau. Eta hoba ez, jai herrikoi eta parte hartzaile hauetan bizi irauteko irudimena erabili behar izan dugu, Aste Nagusia oso sortzailea delako, eta egunak pasa ahala konpartsok bero itogarriari aurre egiteko asmakizun berriak sortzen joan izan gara: Andaluziako terrazetan ikusten diren aspertsoreak, barra ondoan sortzen joan diren umeentzako eta hain umeak ez garenontzako dutxa inprobisatuak, igerilekuak… Argi dago Aste Nagusian dena dela posible!! Bilbon Saharako eguraldia izatea ere bai!
Eta aurten abisatu genuen ibaira salto emango genuela … apur bat sorginak garelako eta bagenekien freskatzea beharko genuela! Momentuz oina jarri dugu uretan, eta asko ikasi dugu datorren urtean benetako saltoa emateko, aurten izan ditugun arazo teknikoak gainditzeko. Baina agerian gelditu da ibaia dela etorkizuna, aurten bertan egin diren ekimen guztien parte hartzea igo delako eta formula berriak sortzen joan direlako ibaiaren inguruan, baita aurreikusten ez genituenak ere: errekara begirako barrak kontuan izan beharko ditugu muntaian, aurten ibaian ibiltzen ziren piraguistek ere katxiak eskatu dituztelako bertatik! Beraz datorren urtean ibaia guztiz hartuko dugu eta jaietan ere Bilbon den ardatza izatea espero dugu.
Aurtengo Aste Nagusiko gure balantzean azpimarratu nahi ditugun beste ideien artean ezin utzi aipatu gabe zeru garbi horretan egondako hodei beltz bakarra: eraso matxistak. Baina buelta emateko asmoa dugunez ideia batekin gelditu nahiko genuke: azpimarratzekoa da erasoen aurrean jendarteak ematen duen erantzun maila. Eta Aste Nagusia oso adibide argia izan da honetan. Erasoen aurrean aurten Aste Nagusia gelditzera heldu gara, ostiralean ordubetez txosnak itxiz eta ekitaldi guztiak bertan behera utziz gabeko 23:30etik 0:30era, baina erantzun hau ez da soilik gurea izan, eta azpimarratu nahi dugu erantzun honetan egon den parte hartzea, txosnekin batera itxi duten tabernetako kideak, kontzertuetako lagunak, Hiri Krosean aritzen den eta parte hartzen duen jende guztia, ekimen hau erantzunaren partea bilakatuz eta, noski, ordu horretan geldialdiaren partea izan den jendartea bera jai gunean egonda. Aste Nagusia gelditu dugu baina gu ez gara gelditu! Erasoen aurrean bide bakarra dagoelako: erantzun herrikoia eta autodefentsa feminista! Horretan Bilboko Konpartsak erreferentzia izan da; gure bulegoko telefonoak jaso dituen salaketak, txosnetara zuzendu izan da jendea ere protokoloa martxan jartzera, konpartsakideen laguntza eskatu denean… Etorkizunean bide honetan sakonduko dugu, kaleak, gauak eta jaiak emakumeonak ere izatera heldu arte!
Parte hartzeari dagokionez, gogoratu nahi dugu 500 baino gehiago diren mota guztietako ekimenak egon direla guztion gozamenerako eta haietatik jendetsuenak beti bezala: Gastronomikoa eta Hiri Krosa.
Gastronomikoan azpimarratuko dugu umeen “master txiki”aren arrakasta, ia 800 ume parte hartu dute eta datorren urteari begira ordenatze aldera arauak eta formula berriak asmatu eta martxan jarri beharko ditugula argi gelditu dela kontuan hartuko dugu, 500 tortilla baino gehiago, Txipietan 76 kazola, bakailaoa bizkaitar erara 56 kazola eta pil-pilean 76, marmitakoan 155 kazola eta buztan lehiaketan 70 kazola. Aurreko urteko markak berriro gaindituta! BKAFFen makila Getxotik etorritako Andoni Ruizentzat izan da eta Bakailaoaren Jaunaren saria Santutxuko Hiru Lagunak taldearentzat.
Hiri Krosak aurten 20. edizioa izan du eta helmugan sartu den lehena baino bizkorrago agortu ziren aurten dortsalak izen ematean. Berriro ere marka guztiak hautsi ditu, bero zaparen gainetik. Eta gainera aipatu nahi dugu ibilbidea eta ordutegia mugitu behar izan genituela eraso matxisten salaketa burutzeko kontzentrazioak bat egiten zuelako probarekin, beraz, lehen esan dugun bezala, Hiri Krosa erasoen aurkako erantzun herrikoiaren parte eta zentroa ere bihurtu zen ostiralean.
Aurten gure ikurra den eredu parte hartzailean izandako berrikuntza ederra egon da; Aste Nagusiko jai gunean bizi izandako une ugari marraztu dituzten “Dibujatodoelrato” taldeko kideen laguntzarekin. Mugikorraren kulturari aurre eginez argazkiak atera beharrean marrazkien bitartez Aste Nagusiko une errealak jaso ditugu paperean. Ari gara aztertzen non eta nola egin ahal den erakusketa bat marrazki guztiekin.
Eta aurten ere lehen aldiz edalontzi berrerabilgarriaren ereduan esperientzia pilotu bat abiatuko dugu erabilitako edalontziak jaso eta higienizazio industriala eginez. “Edalontzien berrerabilpenaren 2.0 bertsioa” izendatu dugu esperientzia hau. Eta oso balorazio positiboa egin dugu, 12.800 edalontzi berreskuratu direlako. Datu interesgarriak lortu ditugu datorren urteari begira esperientzia hau lantzeko eta bide honetan sakontzeko.
Amaitzeko: nabarmendu nahi dugu Gisèle Felli, aurtengo Txupinera, eta Patxo Telleria Pregoilariaren lana! Denetarik egin dute, gau eta egun festa giroaz gozatuz. Haien haien jarrera eta jairako erraztasuna eskertzekoa da benetan eta gainera aurten lehen aldiz Pregoilari bat Donostiara bidali dugu enbaxadore lana egitera! Aste Nagusia izanda bere filma “Igelak” aurkeztera joan baitzen Donostiara Zinemaldiaren aurrerapenetan. Jantziarekin joatea gehiegizkoa iruditu zitzaigun.
Gora Jai herrikoi eta parte hartzaileak! Gora Marijaia!