Bilboko Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak alkoholaren kontsumoaren eraginak murrizteko kanpaina aurkeztu dute.

konpartsak-etorkintza

Beste urte batez, alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko kanpaina abiatzen dute elkarrekin Bilboko Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak. Euren helburu nagusia Aste Nagusian alkoholaren kontsumoari buruzko egiazko informazioa, objetiboa eta ez moralizatzailea zabaltzea da.

Aste Nagusia, neska bat eta mutil bat juergan irten dira, dantzan egiten dute, tragoak hartzen dituzte… Neskak bokata bat afaltzen du eta ura edaten du noizean behin, mutilak ez. Gaua bukatzean neska poz-pozik itzultzen da etxera, pixka bat txispatuta; mutila, agorturik, arrasta bueltatzen da berera. Hau da bi Clownek sketch baten bitartez antzeztu duten egoera, alkoholaren kontsumoa txarto kudeatzeak ekar ditzakeen ondorioak aurkezteko.

Eta horixe da, Bilboko Konpartsak eta Etorkintzak azaldu digutenez, euren helburu nagusiena, jendeak egiazko informazioa jaso dezan eta, ondorioz, bere erabaki propioak har ditzan. “Ez dugu inor epaitu nahi. Informatu eta aholkuak eman, besterik ez”.
Euren esanetan, alkohol gehiegi edo bestelako substantziak hartzearen eragin kaltegarriak murrizteko zenbait arau erraz jarraitzean dago gakoa . “Edatekotan, ondo pasatzeko edaten dugu. Horretarako munduko jokalekurik onena da Aste Nagusia. Inork ez du txarto pasatu nahi; beraz, gogoratu beti zerbait jateaz, edan ura tartean deshidratazioa ekiditeko eta saiatu edari ezberdinak ez nahasten”.

Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina honen barruan, aurreko urteetan bezala, alkohola hartzearen faseak azaltzen dituen gida txiki bat eskainiko dute. Gida hau publiko artean banatuko da eta txosnetan izango da eskuragai, kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko asmoz.
Konpartsek, bestalde, lehen sorospenei buruzko liburuxka handiago bat izango dute, larrialdi momentuetan erabiltzeko diseinatu dena eta intoxikazio larrien kasuan hartu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Azkenik, hurrengoa gogorarazi nahi izan dute: “plazer eta arriskuak ezagutzean eta baloratzean oinarritutako erabaki pertsonala da kontsumoa. Garrantzitsuena norberarekiko eta besteekiko jarrera arduratsua izatea da”.

etorkintzaDIN3

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude