Erasorik gabeko Aste Nagusiaren alde

IMG-20160811-WA0004

Gaur, Bilboko Aste Nagusirako bederatzi egunera gaudelarik, txosnen muntaiari ekin diogu Bilboko Konpartsok, eta txosnen lehen egiturak muntatzen hasi garen honetan, mezu argi bat zabaldu nahi izan dugu erasorik gabeko Aste Nagusi baten alde goizean egindako prentsaurrekoan. Hauxe da egin dugun irakurketa :

Gaur, konpartsok txosnen muntaiari ilusio handiz ekiten hasi gatzaizkiola baliatuta, honako mezua zabaldu nahi dugu lau haizeetara, Areatza, Zazpi Kaleak eta Bilbo osoan zehar ozen eta argi zabaldu dadila: Zu, erasotzaile, Aste Nagusian soberan zaude!

Jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta parekideen alde lanean aritzen gara urte osoan zehar eta egun gutxi barru hasiko den Aste Nagusia horren guztiaren adierazle izan dadin nahi dugu. Beraz, ezinbestean, jaietan pertsona orok bere sexua, genero eta sexu-identitate edo jatorria edozein delarik ere bere lekua badu, badugu. Guztion artean jai gune aske bat eraikitzen ari gara eta erasotzaileak ez dira inola ere ongi etorriak izango.

Patriarkala den jendarte-sisteman bizi gara. Bertan, indarkeria matxista hainbat modutan nagusitzen da, emakumeon bizitzak baldintzatuz.. Jaiak ez dira salbuespena, eta emakumeon askatasunean eta segurtasunean eragiten duten eraso larriez jabetu behar gara guztiok. Gu ere Aste Nagusia garelako, gurea ere egin dezagun.

Emakumeoi dagokigu jaiak nola, norekin eta noiz bizi nahi ditugun erabakitzea eta gizonezkoei berau errespetatzea dagokizue. Barneratuta dituzuen jarrera misogino eta sexistak errotik kentzeko lan handia duzue oraindik. Apurtu konplizitateak! Ez erasotu!

Emakumeok, ostera, mendeak daramatzagu gure ahalduntze pertsonal zein kolektiboaren alde borrokatzen eta beharrezkoa den guztietan autodefentsa feministaz baliatuko gara edozein erasori erantzuteko. Beldurrari aurre eginez eta gure artean elkartasun-sareak indartuz emakumeok gai gara indarkeria guztiak borrokatzeko eta horiei aurre egiteko!

Komentarioak gure janzkera dela edo neska-lagunarekin goazela, lizunkeriak, ipurdia ukitzea, musukatzera behartzea, jazarpena bakarrik goazela, harreman sexualak izatera behartzea… guztiak dira eraso sexista larriak. Guztiak dira emakumeon eskubideen urraketa larria. Eta guztion ardura da horiek etetea eta borrokatzea.

Konpartsok ere tinko erantzungo dugu, gure esku-hartzea ezinbestekoa baita erasoak ekiditeko. Gure erantzukizuna ere badelako erasorik gabeko jaiak bultzatzea. Lehenenik eta behin, jakin ezazue hilabeteetan egon garela beste eragileekin batera aholkularitza eta jarduteko protokoloa hobetzen. Bilboko Konpartsen protokoloa tresna bat da konpartsakideek eman beharreko pausuen gaineko informazioa eta aholkularitza izateko.

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan ez ezik,  genero eta sexu identitateen aurkako indarkerian eta etorkin eta aniztasun etnikoaren aurkako indarkerian ere bai. Eraso baten aurrean txosnetan salatu eta babesa eta informazioa jasoko duzue. Protokoloa aktibatzekotan, Konpartsak emango dituen pausuei adi egoteko eta mobilizazioetan parte hartzeko eskatu nahi diegu herritarrei.

Amaitzeko , Abuztuaren 19an, ostirala, konpartsok Auzolana egingo dugu Areatza eta Alde Zaharretik zehar. Aste Nagusia erasorik gabekoa izan behar duen aldarria jendarteratzeko eta jai gunea eremu askea dela ikustarazteko pankarta, kartel eta bestelako euskarriekin hornituko ditugu txosnak, tabernak eta kaleak.

Sexismo, LGBTIfobia eta arrazakeriarik gabeko jaiak nahi ditugulako: ez erasotu eta ez izan konplize!

Jaiak gozatu inor izorratu barik!

Gora Aste Nagusia! Gora Mari Jaia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude