Konpartsakide eguna aurkeztu dugu
Bilboko Konpartsok motoreak berotzen hasiak gara. Oso gutxi falta da Mari Jaiaren bisita jasotzeko eta jada Aste Nagusia airean usaintzen dugu. Horregatik Konpartsakide eguna ospatzen dugu zapatu honetan. Urtero bezala 29 konpartsetako kideok jaiari agurra egingo diogu, eta horren berri emateko bildu gara gaur Areatzan.
Usain ederra da Aste Nagusiarena, goxoa, sakona, alaia… Jai herrikoien usaina da nabaritzen duzue? Baina jai herrikoiak benetakoak izateko badago oinarri bat ezinbestekoa bermatu behar dena eta Bilboko Konpartsetatik gaurdanik abisu bat bota nahi dugu: emakumeok libre bizi behar ditugu jaiak, bestela ez dira jai herrikoiak izango, bestela ez dira jaiak izango. Gure abisua argia eta garbia da: Aste Nagusian ez ditugu erasotzaileak onartzen! Ez jai gunean ezta gure hirian ere!
Oinarrizko ideia hau argituta bagoaz berriro Aste Nagusiaren usain goxoekin: hementxe gaur ikusten dituzuen piperren lurrina bezain goxoa izango da aurtengo Aste Nagusiarena. Piper hauek zapatu honetan dastatu ahal izango dituzue 12etan banatuko ditugulako Bilboko Areatzan, baserriko tomateekin batera.
Bilboko konpartsetatik slow food filosofiapean ibilbide luzea egina dugu eta honek gure gertuko produktuei lotzen digu ezinbestez. Beraz euskal lehen sektoreko lagunei lotzen gaitu ere bai, gure gertuko ekoizleekin bat egiten dugulako filosofia honekin, kilometro zeroaren aldeko lagunak gara gu. Hauxe oso ondo azaldu digu Joana Tellok Hazi Fundazioko kidea dena eta konpartsekin batera bai zapatu honetan zein Aste Nagusian filosofia honen garapena egingo dutenak.
Eta gastronomiarekin jarraituz Konpartsok ematen dugun Aste Nagusiaren aurreko urrats honetan gure arteko pintxo lehiaketak garrantzi berezia duela gogoratu nahi dugu. Aurten erabiliko ditugun osagaiak: hegaluzea, baserriko piperra eta kalabazina izango dira, eta eguerdiko 13:30etan aurkeztuko ditugu Arenalan. Azalpen teoriko-praktikoa gure Gastronomikoko lagunek emango digute, Makilako Kofradiaren bitartez.
Eta amaitzeko, urtero bezala egun osoan zehar jai ederra izango dugula gogoratu: umeentzako tailerrak, puzgarriak eta piszinarekin hasiko gara, pintxoen sari banaketa egingo dugu konpartsen arteko bazkaria baino lehen, jarraian Trikizio taldearekin erromeriaz gozatzeko eta 19:30etan 7 kaleetara sartuko gara Orkresta Elektrotxarangarekin kalejira zoroan.