Bilboko Udalaren eta Bilboko Konpartsen oharra, 2013ko txupineraren inguruko epaiaren aurrean
(Bilbao, 2016ko apirilaren 21a).- Administrazioarekiko Auzien Bilboko 1. Epaitegiak emandako epaiaren aurrean, zeinean honako hau azaltzen den: “Bilboko Udalak Miren Artola Ibarretxe andereari Bilboko Udalak 2013ko Aste Nagusian “txupinera” gisa parte hartzeko emandako baimena ez dator bat Zuzenbidearekin eta egintza administratibo hori deusezten du”,
Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsek ondorengoa adierazi nahi dute:
1.-Bilboko Udalaren aurka eta Bilboko Konpartsen 1978 Federakundea kodemandatu gisa, Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa erabat onartu duen epai hori gaur bertan errekurritu dute Bilboko Udalak zein Bilboko Konpartsek.
2.- Bere garaian eta gaur egun ere esaten dugu ez dugula uste oinarri juridikorik eta sozialik dagoenik, Bilboko Konpartsen txupinera aukeraketa eta ondoren Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoari horren berri jakinaraztea horrelako prozesu juridiko batean amaitzeko.
Aste Nagusiko ikonoak errespetatzea eskatzen dugu eta horregatik jai ezaugarri hauek kanpoko beste mota bateko eztabaidaguneetara eramatea, Aste Nagusiari ez diola ezer onik ekartzen ezta ekarpenik egiten ere uste dugu.
4.- Bilboko Udalaren eta Bilboko Konpartsen helburu nagusia Aste Nagusia moduko lorpena duen jai eredua bultzatzen jarraitzea da, bilbotarren, bizkaitarren eta euskal herritarren babes osoa duena. Horrez gain nazioarte mailan erreferentea dela esatera ere ausartuko ginateke.
5.- Gaur egin diren bi errekurtso hauekin, Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsek berdintasun eta neutraltasun politikoaren printzipioei eutsi nahi diete. Horrek, besteak beste, haien joera ideologiko eta politikoengatik inolako herritar ez baztertzea dakar, beti ere, herritarren joera horiek zilegizkoak badira. Eta horrek, noski, ez du esan nahi Udalak eta Konpartsek ideia edo iritzi horiekin bat etorri behar direnik.