Bilboko Konpartsok 2013ko txupineraren, Jone Artolaren, behin-behineko suspentsioaren aurrean, hurrengoa adierazi nahi dugu
Azken egunotan errepikatu dugun bezala, ez dugu planteatzen Jone Artola ez den pertsona bat 2013ko Aste Nagusiko txupinera izan daitekeenik, konpartsa guztiak eta haien pluraltasuna ordezkatzen dituen kargua. Komunikabideetan, Jai Batzorde Mistoan eta epaitegian aurkeztutako alegazioetan behin eta berriz errepikatu dugunez, ez dago inolako benetako arrazoirik Jone txupinera izan ez dadin.
Epailearen ebazpenari dagokionez, harrigarria da aurkeztutako alegazioak onartu ostean, behin-behineko suspentsioa mantentzea, bereziki orain dela oso gutxi bi konpartsari ezarritako zigorrak behin-behinean etetea onartu ez zenean, eta ondoren legearen kontrakoak eta baliogabeak deklaratu zirenean, dagoeneko kaltea eginda zegoenean.
Ez da onargarria Aste Nagusiarekin zerikusirik ez duten interesengatik bilbotar guztiok Aste Nagusiari eta bere ikonoei egindako eraso honen egoera nazkagarria jasan behar izatea.
Aste Nagusiaren 3 ikonoak (Marijaia, txupinera eta pregoilaria) bere hasierako momentua konpartitu ezin dezaketen egoera batean, ez dira ematen txupinaren ekitaldia normaltasunez egiteko baldintzak, izan ere kasu honetan hiruki honen funtsezko elementu bat faltako litzateke, hain zuzen Aste Nagusiari hasiera ematen dion txupina botatzen duena.
Bilboko Konpartsontzat tamalgarria da, beste behin ere, gure indar eta denbora guztia benetan gogoko dugunean ez ematea, jaia sortu eta disfrutatzea, gurekin zerikusirik ez duten gai hauekin ibili beharrean. Hala ere, gure gogo guztia jarriko dugu jaietako 3 ikonoak merezi duten mailan egoteko, horrela guztiok hasiera hasieratik posible den Aste Nagusirik onena bizi ahal izateko, nahiz eta gustatuko litzaiguken bezalakoa ez izan aguafiesten erruz.