Bilboko Konpartsen egitaraua aurkeztu dugu

Aste Nagusia gero eta gertuago dugu. Bederatzi egun falta dira Marijaiarekin batera zoramenez, poztasunez, festaz betetako beste bederatzi egun heltzeko… Baina ez edozein modutako festa, baizik eta festarik handiena, bereziena… herritik eta herriarentzat jaio zen festa, eta oraindik festen erregina dena. Gaurkoan Bilboko konpartsok Aste Nagusirako prestatu dugun egitaraua aurkeztu dugu. ASTE NAGUSIKO EGITARAUA atalean egitarau osoa ikus dezakezue.

Jai esparruaren erdian, gure inguruan Aste Nagusiaren eskeletoa ikusten hasi gara, egun gutxi barru bere eduki osoarekin eztanda egin dezan, bizitza ematen dion edukia, izan ere Aste Nagusia bizi-bizirik dago. Baina, Nola betetzen da edukiz Aste Nagusia? Nola betetzen da bizitzaz?

Alde batetik, jai esparrua beteko dituzten 300 aktibitate baino gehiagorekin, Areatzan eta Ripan. Doakoko aktibitateak, parte-hartzaileak, herrikoiak, denontzako, batzuk dagoeneko ohitura direnak, eta beste batzuk berriagoak.

Eta noski, guztietan ezinbestekoena den osagaiarekin: konpartseroak izan zein ez, bilbotarrak zein kanpokoak, egunero jai esparrura Aste Nagusiaz gozatzeko eta parte hartzeko hurbiltzen diren milaka pertsonak.

Larunbata 17an, jaietako aktibitate berezienetariko batekin hasiko gara. 7 kaleetan zehar egingo dugun kalejiraren ostean, Arriagako balkoitik Aste Nagusiari hasiera ematen dion momentu magikoa biziko dugu, urte osoan zehar itxaroten egon garena, pregoia eta txupina, Marijaia beste urte batez gugana itzul dadin, eta aurten, Arriaga plazan dantzatuko dugun konpartsen agurraz gain, opari berezia ekarriko diogu gure itsasoetatik, Lekittotik: momentu honetarako bereziki Peio Morelagak dantzatuko duen kaixarranka.

Beste behin ere, denok gozatzeko moduko txupina eskatzen dugu, denon esku dagoena. Bilbo eta Aste Nagusiaren mailan dagoen txupina, Marijaiari zor diogun errespetuzko txupin garbia, munduko jairik handienarekin zerikusirik ez duten elementurik gabekoa. Bilbon, irina eta arrautzak, kroketak egiteko.

Igandea 18, azpimarratzeko:

  • Txalaparta ikastaroa eta festa
  • III Open Magic Bilboko Konpartsak eta II Bloodbowl txapelketa
  • Skate ikastaroa eta txapelketa
  • Athletic-eko peñekin egiten dugun pintxo banaketa (aurten hamburgarrak), aurten etekinak gizarteratzeko kirolarentzat izango direlarik.
  • Aste Nagusi osoan zehar izango den umeentzako arrantza eskolaren hasiera

Astelehena 19:

  • Igela eta xake txapelketak hasiko dira. Gogoratu behar dugu larunbata 24ean Zabalkundean Nazioarteko XIV xake txapelketa izango dela.
  • Egun honetan, aerobithoiaren ostean freskatzeko, zer hobe nasapuntakoa baino.
  • Eta noski, txosnarik ederrenari eta itsusienari kanpaia eta eulia sariak eman ostean, 7 kaleetan zehar bertso-triki-kalejira izango dugu.

Asteartea 20:

  • XVI Mus txapelketa: Bilboko Txitxirioa
  • Bilbo kantari, ostegunean (Taberna Ibiltariarekin) eta bigarren larunbatean ere izango dena

Asteazkena 21:

  • Marijaiarekin bisita Basurtuko Hospitalean dauden umeei
  • Ripan egongo den Bonboneran Futbol 3 txapelketa Athletic fundazioarekin, baita ostegunean ere.
  • Bertso-bazkaria

Osteguna 22:

  • Tiragomas txapelketa
  • Honda tailerra eta txapelketa
  • Jubilatuentzako bazkaria
  • Ikurrinari omenaldia

Ostirala 23:

  • Uraren eguna: Nerbioitik jaitsiera ekologista, Sestaotik piraguen jaitsiera herrikoia (izen ematea irekita dago interneten) eta konpartsen arteko ur jolasak eta trainerillak
  • Arratsaldean, adin ezberdineko 2000 korrilakari inguruk Hiri kroseko kategoria ezberdinetan hartuko dute parte. Aurten Kantabriatik Ivan Hierro, iazko txapelduna, eta Eritreako Worhnek Fikire izango ditugu irabazleak izateko faboritoak, eta haiekin batera Taheri Hunde etiopiarra, eta Unai Saenz, Jon Salvador, Imanol Cruz eta Javi Fontaneda euskaldunak izango ditugu. Emakumezkoei dagokienez, Samira Ahbouche marokoarra faborito bezala irtengo da, Brahane Ragassa etiopiarragaz eta Iraia Garcia euskaldunagaz batera.

Larunbata 24:

  • Ardo dastatzea
  • Konpartsen arteko bazkaria eta herri kirolak
  • Aste Nagusiaren onenarentzat eta txarrenarentzat bandera urdina eta marroia

Igandea 25:

  • III Warhammer fantasy txapelketa
  • Marijaiari agurra eta erretzea
  • Eta egun honetan asteartean hasitako sukaldaritza txapelketak bukatuko dira.  Areatzan ehunka sukaldari biltzen dituen txapelketa honen arrakastaren osagaiak azaltzeko.

Aurrekoaz gain, Bilboko Konpartsok gure egitarauan ekintza berriak sartu ditugu, eta hauen artean azpimarratzekoak:

  • Asteazkenean Slackline tailerra eta erakustaldia
  • Lance txapelketa, asteazkenean ere
  • Astelehen eta asteartean Basket 3×3 txapelketa, umeentzako eta egokitutako saskibaloi kategoriekin, Bilbao Basket Fundazioarekin eta Saskibaloi Federazioarekin, gaur gurekin daudenak.

Aurtengoan ere bereziki kontuan izan ditugu familiak eta etxeko txikiak, Aste Nagusiko ezinbesteko protagonistak. Horregatik, jai esparru osoan zehar haientzako hamarnaka aktibitate antolatu ditugu. Dagoeneko aipatu ditugun aktibitate guztiez gain, aste osoan zehar tailerrak, umeentzako antzerkiak, magoak, puzgarriak, etab. Izango ditugu.

Noski, aktibitate ezberdinen errepaso arin honetan, ezin ahaztu konpartsek haien gune eta txosnetan antolatutako aktibitate mordoa. Hauetan, poteatzeaz gain (noski edalontzi berrerabilgarrietan), kontzertuak, erromeriak, bazkariak, kalejirak, poteoak, karaokeak, lehiaketak etab. Luze bat izango ditugu. Honela, jai esparruko eszenatoki ezberdinetan izango diren 60tik gorako musika emanaldiekin batera, denetariko aktibitateak izango dira: ginkanak, erakusketa eta hitzaldiak, dantza ikastaroak (euskal dantzak, sabel-dantza, klasikoa, zingaroak, latinoak, Bollywood…), bertsolariak, antzerkiak, nekazaritza merkatuak, falkoneria, etab.

Aktibitate hauek guztiak gure webgunean (www.bilbokokonpartsak.com) zein abuztuaren 16tik aurrera eta Aste Nagusi osoan zehar eskuragarri izango diren 15.000 esku-egitarauetan kontsultatu ahal izango dira.

Gora Marijaia!!
Gora Bilboko Konpartsak!!
Gora Aste Nagusia!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude