Zaindu maite duzuna!

Bilbotar agurgarriok:

Gaurko egun honetan, behin eta betiko garbitu eta desinfektatzeko produktua aurkeztera gatozkizue. Zurien uzten duena, arrunkeria erabat ezabatzen duena… nola ez, Azkunejo Lixiba! Azkuna ekipoak, hau da, A ekipoak, Bilboko Udaletxeko estoldetako laborategietan garatu eta landutako azken produktua: Azkunejo Lixiba!

Zorritsu konpartseroz betetako jai batzorde mistoa pairatu behar duzula? Azkunejo Lixiba! Antzuak diren eztabaidak desagertuko dira, eta A ekipoak ongibidean aldebakarrez hartutako erabaki jakintsuak besterik ez dira ikusiko!

Zorritsuen txosnen ondoan Txikigunetik gure ume garbi eta perfektuek askatasun eta alaitasunean bizitako jaia entzun eta arnastu behar dutela? Azkunejo Lixiba! Eta Txikiguneko umeak, Areatzako ahate itsusi izan barik Kasildako zisne glamuroso bihurtuko ditugu magia bidez!

Arriaga erdian idi zikinek ekarritako jatun borono txapeldun menditarra, Gargantua izeneko panpina duzula? Azkunejo Lixiba! Boronoa disimuluz Txikiguneko puzgarrien artean ezkutatuko dugu lozorroan, txirrista sinple bat izango bailitzan!

Eman aurpegiaBizarraz jositako galtzarbe okelasdun gazte liskartsuen gustuko kontzertuak dituzula? Azkunejo Lixiba! Desinfektatu eta kontzertu kopurua, erdira! Jai eremutik urrun dagoen txiribitaz betetako Europa izeneko parkera bidaliko ditugu, erakargarriak ez diren taldeak ekarriko ditugu, eta kitto!

Auzokideak ez daudela ados, kexaka ari direla? Azkunejo Lixiba! Kexak desagertuko dira, eta bide batez, baita garrantzirik gabeko zuhaitzak ere!

Areatza bukoliko sannikoliano garbian eliza inoiz zapaldu ez duten gazte kementsu parrandazale eta parte-hartzaileek Konpartsero Eguna den akelarre sutsua ospatzen dihardutela? Azkunejo Lixiba eta desinfektatu! Eta Areatza garbi, distiratsu eta kanposantuak baino bareago geldituko da, bitartean Eguzkiaren su garbitzaileak konpartseroak kaian desegiten dituen bitartean!

Azkunejo Lixibak garbitu, desinfektatu eta distiraz beteta uzten baitu den-dena!

Izan ere, horrela utzi nahi dute Aste Nagusia. Gatzik gabeko Aste Nagusia, nortasun eta grazia bako festa, edukirik gabekoa. Turisten diru eta betikoen interes merkantilisten onura erakartzeko ekitaldien multzoa (“Bienvenido Mr Marshall”).

Herrikoia eta parte-hartzailea denagatik urrundutako Aste Nagusia. Sortu zuen eta definitzen duen esentziatik aldendutakoa.

Bilbotarrok ikusle-bezero bihurtu nahi gaituzte. “Nik agindu eta zuk bete”, bizitzako arlo guztietan bezala.

Aurten, bereziki, egoera oso gordina izaten ari da kontzertuei dagokienez. Azken bi urteotan kontzertu kopurua erdira murriztu da eta hauen kalitatea nabari jaitsi da (eta azken 10 urteotako bilakaera ikusita, aldaketa are lotsagarriagoa da); jai esparrutik urrun eraman dituzte, jai batzorde mistoa mespresatuz, Txurdinagako auzotarrekin hitz egin gabe, inongo eragileekin hitz egin gabe… Udal gobernuak erabakia hartu eta bete egin du.

Krisialdian gaudela, murrizketak egin nahi dituzte, baina horregatik are harrigarriagoa da Udalak 1,2 milioi euro 3 eguneko BBK Live festibal pribatuari ematea, Aste Nagusiko 9 egunetarako aurrekontua 2,5 milioi eurokoa den bitartean. Eta gogoratu Aste Nagusia bukatu ondoren, “En Vivo” izeneko musika jaialdi pribatua ere Udalak babestuko duela. Zenbat ordaindu beharko du bilbotar bakoitzak?

Argi eta garbi dago Udalak doako kontzertuekin bukatu nahi duela. Argudioa, “kalitate eta kantitatea nahi izanez gero, ordaindu beharra dago”. Bitartean, kontzertu gutxiago, eta jende gutxiago erakartzen dutenak. Kontzertu asko eta kalitate onekoak nahi dituena, bilbotarrok ordaindutako eta ez dakigu noren poltsikorako kontraprogramatu diren bi festibal pribatuetara joan dadila!

Hau al da nahi dugun Aste Nagusia? Espekulatzaile eta despotena?

Eraso hauen guztien aurrean, ozen oihu egin nahi dugu, haien bulegoen garaieretan jainkoak balira bezala bizi diren horiek entzun gaitzaten: Aste Nagusia ez da inongo Gobernu Talderean jabetza! Ezta konpartson jabetza! Aste Nagusia denok gara, eta Bilbo osoarena da! Beraz, utz ditzagun betiko borroka antzuak eta denontzako Aste Nagusia eraikitzen saia gaitezen, hiri zoragarri honen eta bere hiritarren mailan dagoen Aste Nagusia.

Eta argi gera dagiela, bisitatzen gaituzten milaka pertsonak ez datoz turistentzako diseinatutako festen ikusle izatera. Bakarra den jai honen, Aste Nagusiaren, berezitasuna ikustera eta bertan parte hartzera datoz. Eta berezitasun hau, hain zuzen, bere izaera herrikoi eta parte-hartzailean datza.

Eta jai honen izaera sinbolizatzeko, inposatu nahi diguten irudi triste eta huts hau berriro ere edukiz eta kolorez beteko dugu.

Aste Nagusia berezi egiten duen jai ereduan sinesten duzuen guztiok beragatik aurpegia ematera deitu nahi zaituztegu. Zuen aurpegia duten argazkiekin aurpegia ematera. Hauekin giza-collage erraldoia egingo dugu, Aste Nagusiaren eta bere eredu bereziaren alde apustu egiten dugun eta beragatik borrokatzeko prest gauden guztiok irudikatuko gaituela. Maite dugun hori zaindu behar dugulako.

Collage hau Aste Nagusia denaren eta izaten jarraitzea nahi dugunaren metafora polita izango da. Baina ez du inolako zentzurik izango Aste Nagusia Unibertso Munduko jairik onena izaten jarraitzeko denon inplikazio fisiko eta mentalean gauzatzen ez bada.

Aste Nagusian zehar (lekuak eta ordutegiak esango dizkizuegu) photocall bat egongo da, bertan zuen aurpegiko argazkia aterako dizuegu, bertan inprimatu eta collagean itsatsiko dugu. Baita, nola ez, collagearen bilakaera ikusteko aukera izango duzue. Guztion artean lortuko dugu collagea guztiz betetzea!!

Ezin bazara Aste Nagusian zehar egongo den photocollera hurbildu eta ekintza polit honetan parte hartu nahi baduzu ez kezkatu, bidaliguzu zeure argazkia eta guk inprimatu eta collagean itsatsiko dugu.

Zure argazkia bide ezberdinen bidez bidali dezakezu: zaindumaitedozuna@www.bilbokokonpartsak.eus posta elektronikora edo 651045110 telefonora, edota Bilboko Konpartsen webgunean topa dezakezun formulario errazaren bitartez.

¡GORA ASTE NAGUSIA! ¡GORA MARIJAIA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude