Farolin eta Zaranbolas

Farolin eta Zaranbolas Bilboko Aratustetako pertsonaiak dira, bi izaera txirene hezurmamitzen dituztenak. 1979. urtean sortu zituzten konpartsek eta, urtero, Ordena Botxotarrak (aurreko Farolin eta Zaranbolasek osatua) bi pertsona esanguratsu aukeratzen ditu Bilbon haiek gorpuzteko.

Lutxo Egia eta Jasone Akizu izango dira 2024ko Farolin eta Zaranbolas

Bilboko Aratusteetako pertsonaia txireneak iragarri ditu Bilboko Jai Batzorde Mistoak. Lutxo Egia idazlea eta Jasone Akizu izango dira, hurrenez hurren, aurtengo Farolin eta Zaranbolas 2024an. Bilbok konpartsen eskutik Aratusteak berreskuratu zituela 45 urte beteko dira aurten eta 40 urte pertsonaia botxero hauek sortu zirela.

Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaioa izan ez arren, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dena, eta gainera beti haizez beterik dabilena mundu guztiari esaten bera “Botxokoa” dela. “Semper Plus Ultra” (Beti harago) izan liteke bere lelo nagusia.

Lutxo Egia del Rio, Farolín, Santanderren 1969an sortutako bilbotarra dugu, soziologoa ikasketaz, idazlea eta performerra ofizioz. Nagusiki, Zazpikaleetako BIRA espazioko kultura koordinazioan aritzen da baina nobelak, ipuinak eta antzezlanak idatzi eta argitaratu izan ditu. Gaur egun, bi antzezlan ditu martxan: “Identitarteak” (Galder Perez eta Ane Zabala antzezten ari direna) eta “Hamalau” (Mikel Martinezen eskutik). Mozorrozalea izaki, inoiz ispilu aurrean paratu eta Oxtul Aige alter ego trabestitua itzuli dio kristalak, bere egiazko identitatea zein zen ez genekiela.

Zaranbolas Bilboko pertsona bat da, ezerk ozpindu edo bizitza aldaraziko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, “Carpe Diem” / “Gozatu ahal duzun bitartean” da bere bizimodua ondoen adierazten duen goiburua.

Jasone Akizu Perez, Zaranbolas, Ondarroan jaio zen 1967an. Txistularia dugu bera eta txistu irakasle moduan dihardu BilbaoMusika Eskolan. Azken urteotan Euskal Herriko txistularien Elkarteko lantaldeko kide izan da, lehenik Bizkaiko ordezkari gisa eta gaur egun elkarteko idazkaria dugu. Bere esanetan “umore onean egoten eta une bakoitzaz gozatzen” saiatzen den pertsona da Jasone.

Farolinen eta Zarambolasen epaiketa 1984an sortu zen jai-ekimen baten ekitaldi nagusia da. Ekimen horren helburua zen Bilboko Aratusteetan inauteri tradizional eta landatarren elementu adierazgarrienetako bat ezartzea, zeinetan urtero “gaiztoak” kondenatu egiten baitziren. Gure hirian, gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, ona-gaiztoa ekuazioa saihestuz eta tonu umoretsuan sari baten alde eginez, bilbotarren nortasun arketipikoaren dualtasunaz trufatzeko.

Otsailaren 8an, ostegunean, arratsaldeko kalejirak, Farolin eta Zaranbolas ezagutzera emango ditu, aurten, Lutxo eta Jasone, alegia. Aratusteetako bi pertsonaia ikoniko horiek ostegun eta ostiraleko protagonistak izango dira. Osteguneko kalejira, beraz, Arriagatik abiatuko da 18:30ean, eta Plaza Barrian maskara trukea egingo dute 19:30ean, iazko eta aurtengo Farolinek eta Zaranbolasek. Horrela, Ylenia Bagliettoren eta Lander Otaolaren eskutik jasoko dute lekukoa eta, ondoren, kalejira egingo dute, 20:00etan Unamuno plazatik abiatuta.

Hurrengo egunean, otsailaren 9an, ostiralean, Farolin eta Zaranbolasen atxiloketa ikusi ahal izango dugu Arriagan, 18:30ean, eta, ostean, pertsonaia horien epaiketa eta eskarnioa, 19:15ean Plaza Barrian. Adi egon bertan egingo den antzezpenari. Izan ere, iazko musikalaren arrakastaren ondoren, aurten mailari eutsi eta koxka bat gorago igotzeko asmoa dute.

EPAIKETA
Nola sortu zen ?

1984an Jai Batzorde Mistoko hiru kidek, Fernando Tojak, Marino Monterok eta Josepe Zuazok, “Farolín eta Zaranbolas” pertsonaiak asmatu zituzten Bilboko Aratusteetarako.

Orduan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz.Gure hiribilduan gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko.

Gaur egun, Farolin eta Zaranbolasen aurkako herri auzia haien atxiloketarekin hasten da, udaletxean. Bilboko uriko mazukariak dira ziegetara gure protagonistak lagunduko dituztenak .
Behin ziegatan sartuta, Fraisku, Momo, Hartza, Moja, Turko eta Higien kalejira batek bideratuko ditu Plaza Berrira arte, bilbotarron irainak medio, ibilbidean zehar.


Plaza Barrian daudela, epaiketari hasiera emango zaio, konpartsakideak izanik abokatu, fiskal eta lekukoen antzezlanetan ibiliko direnak. Haien defentsarako azalpenak emanda, auzi-aretoko ahots gorenak epaiaren berri emango du eta Farolin eta Zaranbolas ziegetara itzuliko dira haien “aratuste-zigorraren” zain.

Plaza Barrian bertan ere, urkamendira igoko dituzte, herri auziari amaiera emango dion burla, trufa, eskarnioa egingo da. Hor bukatuko da epaiketa, aurtengoz behintzat.