ASTE NAGUSIKO KONTZERTUEN ATZEAN: JAI EREDUA
Aste Nagusiko kontzertuak direla eta hainbat aste bueltaka ibili ostean, eta beharrezko informazioa bildu ondoren, Bilboko Konpartsok uste dugu beharrezkoa dela, eta horrela egingo dugu, azken aste eta urte hauetan Bilbon Aste Nagusiaren inguruan gertatzen ari direnen azterketa serio eta sakona egitea.
Hasteko, eta guztiz argi gera dadin, askotan errepikatu dugun bezala, eta orain dela aste gutxi prentsa ohar baten bidez gogoratu dugun bezala, Aste Nagusiko kontzertuetarako Bilboko Konpartson proposamena orain dela urte askotatik (gogoratu dezagun gai hau Gas plazako lanak hastean planteatu zela) Etxebarria parkea da. Eta ez bakarrik kontzertuak egiteko espazio bezala. Metroko obrak bukatzen direnerako aukera ezberdinak aztertu behar dira, barrakak bertan mantenduz eta zirkua bere inguruabar eta beharretara hobeto egokitzen den espazio batera mugituz, bertan kontzertuetarako eta jai esparrutik aldendu diren beste elementu batzuk kokatzeko leku nahikoa egon daiten.
Bilboko Konpartson iritziz, bilbotar eta bisitari guztiok merezi dugun maila eta kalitateko Aste Nagusia mantentzeko borondatea baldin badago, mahaian jarri diren ustezko arazo teknikoak erraz gainditu daitezke, barrakek, kontzertuek eta bestelako elementuek lekua izan dezaten eta segurtasun arazorik egon ez dadin espazioa berrantolatuz.
Ordea, guretzat benetan kezkagarria dena ez da horrenbeste kontzertuen kokapenaren arazo teknikoa, baizik eta hauek nola erabiltzen ari diren hauen inguruko polemika artifizial bat sortzeko.
Alde batetik, auzokideen artean polemika sortu da Udaletxe honek erabiltzen dituen modu autoritarioak direla eta. Bestalde, espazioen egokitasunaren inguruko eztabaida bat sortu da, iaz Karola espazioarekin gertatu zen bezala: edozeinek Aste Nagusiko kontzertuak egiteko espazio egokia ez zela zekien arren, Udaleko Gobernu Taldeak kontzertuak bertan sartu zituen, kontzertuen inguruko polemika handia sortuz. Honi gehitu behar diogu aurtengo kontzertuak oraindik lotu gabe daudela, nahiz eta talderen bat hitzartuta izan, baina oraindik lotu gabe (espero dugu prentsaurreko honek gai hau arintzeko balio izatea, gutxienez esandakoa gezurtatzeko).
Eta, aurrekoa gutxi balitz, ordaindu beharreko beste kontzertu mota batzuk egiteko aukeraren inguruko datuak entzuten hasi gara. Eta hor dago Aste Nagusiko kontzertuen inguruan sortzen ari den zorabio edo polemika artifizialaren benetako arrazoia. Hau da, beldur gara Udalaren plana kontzertuen inguruko polemika faltsu bat sortzea ez ote den, azkenean, polemika hauen eta ustezko arazo teknikoen ondorioz, dohainezko leku ireki batean egin ezin daitezkeela planteatzeko, eta gune itxi batean eta kobratuz egin behar direla esateko: bai Bilbao Arena bezalako espazioetan, bai Kobetamendi bezalakoetan, makro-kontzertu formatua erabiliaz, hain justu Aste Nagusi osteko asteburuan antolatu den makro-kontzertuaren formatuan.
Aste Nagusi osteko asteburuan makro-kontzertu batzuk antolatzeak, Aste Nagusia bera kontraprogramatuz, ez du inolako logikarik, Aste Nagusia honelako kontzertu motarekin lotzeko interesen bat ez bada, batez ere gero eta indar gehiagorekin entzuten den zurrumurrua kontuan izanda, hau da, Udal Gobernu Taldearen asmoa Aste Nagusiaren datak aldatzea dela, oraindik aurrera beti abuztuko azken bi asteburuetan izateko, bigarren asteburuak “En Vivo” kontzertuekin bat eginez.
Gure ustez hau da Udalaren benetako asmoa: Aste Nagusitik dohainezko kontzertu handiak desagerrarazteko aitzakiak bilatzea, dohainezko kontzertu hauek Aste Nagusiaren ezaugarrietariko bat izan direnean, eta Udalak berak ezaugarri hau erabili izan duenean inguruko eta atzerriko bisitariak erakartzeko “Total free” (edo “totally free”, besteontzako) leloarekin.
Asmo honi erantzuten diote auzokideekin sortutako polemikek, eskusa teknikoak erabiliaz Bilbon dohainezko kontzertu handiak egiteko leku aproposik existitzen ez dela behin eta berriro errepikatzeak, eta justu Aste Nagusi ostean izango den makro-festibal batean inbertitzeak (gainera etorkizunean Aste Nagusiarekin kointziditu dezakeenak, festibal paralelo bat izanda eta Aste Nagusia bera desaktibatuz).
Aurreko guztia argi geratzen da aldi berean urtez urte Aste Nagusiko dohainezko kontzertuen kantitatea eta kalitatea nola jaisten diren ikusten dugunean. Gogoratu dezagun gau bakoitzean 2 kontzertu handi egitetik bakarrera pasatu garela, gainera lehenengo bi gauetako kontzertuak zuzenean ezabatu direlarik, eta orokorrean nola jaitsi den taldeen kalitatea, aurreko urteotan publikoki esan dugun bezala.
Beraz, momentu honetan mahai gainean duguna Aste Nagusia pribatizatzeko egitasmoa besterik ez da, behintzat kontzertuei dagokienez.
Bilboko Konpartsak benetan arduratuta gaude Udala ematen ari den pausu hauek direla eta. Jai ereduaren alde dagoela esanda ahoa betetzen zaion bitartean, honen elementu zentralak desagerrarazteko pausutxoak ematen doa.
Ildo honetan, Aste Nagusiaren diseinuan aldaketak egiten doa, handiagoak edo txikiagoak, esaterako elementuak jai esparrutik aldenduz (esaterako, Txikigunea). Ezin dugu ahaztu sailak unilateralki erabaki zuela (dagoeneko ohikoa denez) Aste Nagusiaren beste irudi nagusienetariko bat aldatzea, jaietako zapia, ohiko Bilbo urdin zapia Aste Nagusiarekin zerikusirik ez duen zapi batengatik aldatzen saiatuz, bere helburu bakarra Aste Nagusia eta bere elementuak turismoarentzako produktu hutsak bailira bezala saltzea izanda.
Batzuetan oihartzun handirik ez duten proposamenak botatzen ditu, jendarteak ere ezagutzen ez dituenak. Honen adibide dugu iaz Aste Nagusia baino aste gutxi lehenago Txupinera eta Pregoilariaren jantziak aldatzeko saiakera, Aste Nagusiaren irudien kontrako eraso argia, eta aurten edota hurrengo urteetan saiakera bera egingo dutelako zurrumurruak indartzen doaz.
Honek guztiak Aste Nagusiarekiko eta bere irudiek ordezkatzen dutenarekiko, eta beren jatorri eta bilbotarrokin duten loturarekiko mesprezu izugarria erakusten du, eta hau guztia jai eredua defendatzen dutela esaten dutenen eta hau egiteko behar instituzionala dutenen eskutik.
Beldur gara jaietako irudiei egiten zaizkien eraso hauek, kontzertuek zenbat molestatzen dutenaren inguruan sortutako polemika faltsuekin batera, auzokideak modu lotsagarrian erabiliaz, jai ereduan aldaketak egiten joatea bilatzen dutela.
Berriro ere, eta tamalez ez da ez lehenengo ez bigarren aldia, jaiak baketan utz ditzatela eskatu nahi dugu. Bilbon besterik ez dagoen eredu hau, behin eta berriz formatu ezberdinetan erasoak pairatzen dituena, oso arrakastatsua da, urtez urte Aste Nagusiak duen partaidetza handiak eta Unescok ondare kultural izendatu izanak erakusten duten bezala.
Gure aldetik, hobetzeko eta 78ko eredua oinarritzat hartuz garatzeko apustu garbia egiten jarraitzen dugu, eta hau Jai Batzorde Mistoan borrokatzen jarraituko dugu, hau baita borrokatzeko lekua.
Aste Nagusiak bizirik dirau, eta Konpartsok bizia ematen jarraituko dugu!!