Txosnaganerako martxarako izen-ematea zabalik
Bilboko Konpartsak federazioak Txosnagane mendi-igoeraren XI. ekitaldian izena emateko epea zabaldu du. Ekainaren 10ean izango da ibilaldi neurtua eta izen-ematea doan eman daiteke bikoteka, ekainaren 8ra arte, konpartsen bilbokokonpartsak.eus webgunean
Txosnagane mendia hainbat izenekin da ezaguna: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu, besteak beste. Pagasarri eta Ganekogorta gainen artean dago, eta 877 metroko altuera dauka. Iaz, ibilbidea aldatu behar izan genuen, Supersur aubtobidearen Bolintxuko loturaren eraikuntza lanak zirela eta, agintariek ohiko ibilbidea bertatik igarotzea galarazi baitzuten. Aurten berriro ohiko bide biak berreskuratu ditugu, parte-hartzaileek aukeratzeko:
- Lehenengoa, luzea, mendian eskarmentua duen jendearentzat, 19,48 kilometrokoa (854 metroko goranzko desnibela). Goizeko 8:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo da San Adrian auzoko eliza paretik.
- Bigarrena, laburragoa, 14,39 km (446 metroko goranzko desnibela). Parte-hartzaileek 9:15ean dokumentazioa batu eta 15 minutu geroago irtengo dira, leku beretik.
Helmuga Atxuriko Enkarnazio plaza izango da, auzoko jaiekin bat eginez. Bertan, mendizaleek aurkituko dituzte indarrak berreskuratzeko eta behar den guztia; han bertan ere izango da parte-hartzaileentzako sari-banaketa.
Izen-ematea Bilboko konpartsen webgunean egin daiteke ekainaren 8ra bitartean, (edo parte-hartzaile kopurua agortu arte) eta parte-hartzea doakoa da. Argibide gehiagorako: bilbokokonpartsak.eus.